Tokiko komertzioetan erostera bideratutako dirulaguntzak kritikatu ditu EAJk

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 3a, 00:00

«Etorkizunean tokiko erabiltzaileek, merkatariek, enpresek eta ekoizleek eutsi beharko diote Ekhi monetak dakarren kudeaketa gastuari» dio EAJk.

EAJko bozeramailea den Andoni Amonarraizek, politika beste modu batera ulertzen duela azaldu du: «beti uste izan dut, eta horregatik sartu nintzen politikan, kargu publikodunok herritar guztien alde egin behar dugula lan, eta herritar guztiek izan behar dutela ordaintzen dituzten zergek sortzen duten diru publikoaren onuradun. Hernanin ordea, hori ez da horrela. EH Bilduk 200.000€ jarri ditu zirkulazioan, eta erosketak egiteko Ekhi txanpona erabiltzen duten hernaniarrak soilik izango dira onuradun. Gainerakoek ez dute Udalaren laguntzarik izango».

Horrez gain,  ondorengoa gaineratu du EAJk: «18 urtetik gorako hernaniarrek (15.600 inguru) jaso ditzakete laguntzak, hala ere, abenduko kanpainan 640 pertsonak erabili zuten txanpona» Horrela, bozeramaile jeltzaleak azpimarratu du oraingoz Hernaniko Udalak bere gain hartzen dituela Ekhi moneta martxan izateak dakartzan kudeaketa-gastuak (50.000€ 2023an), «baina etorkizunean tokiko erabiltzaileek, merkatariek, enpresek eta ekoizleek eutsi beharko diotela moneta horri. Gure buruari galdetzen diogu ea txanponari ematen zaion ponpa hori zunda bat besterik ez den, berain kudeaketa-eredua estaltzeko. EH Bilduri gai politikoengatik interesatzen zaion guztia diruz laguntzen da eta interesatzen ez zaiona bere kasa uzten du».

Eta amaitzeko Amonarraizek azaldu du logikoa dela hernaniar asko eta askok amore eman behar izatea, «EH Bilduk laguntzarik gabe uzteko mehatxuaren aurrean, erosketa-poltsa premia handiko produktuekin bete ahal izateko.  Eta hau erabiltzea Ekhiak onarpen handia duela saltzeko, zarpaila eta faltsua iruditzen zaigu. Azterketa zuzena egin ahal izango da diru horren erabiltzaileek honen kostua ere bere gain hartzen dutenean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!