75garren urteurren festa gaur goizetik, Lanbide Heziketak

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 3a, 00:00

Joan den astean aurkeztu zuten 75garren urteurrena ospatzeko egitaraua.

Goizeko 8:15etatik arratsaldeko 15:00etara bitartean, ekintza mordoa egingo dituzte, 75garren urteurrena ospatzeko.

75 urte bete zituen Hernaniko Lanbide Heziketak, asteazkenean. Egun horretan jarri zuen martxan, 1948 urtean, Karmelo Labaka apaiz hernaniarrak, EPO izenarekin (Escuela Profesional Obrera). Eta urte borobil hau ospatze aldera, zenbait jarduera egingo dituzte urte osoan zehar, gaurtik hasita, gaur ospatuko baitute, garaiko ikasle eta irakasleen festa. Eta festaz gain, gaur emango zaio amaiera, Biterin kokatuta dagoen eskolaren ibilbidearen erakusketari.

Goizean goiz, txalaparta doinuek girotuko dute goiza, eta agurra dantzatuko dute, ikastetxearen sarreran. Jarraian, goizeko 09:00etan, futbol partiduak jokatuko dituzte kiroldegian, eta ikasleek irakasleak izango dituzte aurkari. Goizeko, 11:15etan, hamaiketako baten bueltan bilduko dira, ikasle zein irakasleak.  12:00ak aldera, txarangak Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleak herrira bideratuko ditu, jai giroan, eta ginkana egingo dute segidan.  Eguerdiko 13:15etan, Atsegindegin zenbait jarduera antolatu dira, besteak beste, futbolina, fotomatoia eta billarra.

Eguerdiko 14:30etan egongo da atsedenerako tartea, Atsegindegin antolatu den bazkarian, eta sabelak bete ostean, DJ Mikeltxik hartuko du festako lekukoa eta musikarekin emango zaio amaiera, gaurko urteurren festari.

Gaurko egunaz gain, apirilerako, eta urrirako ere zenbait jarduera kultural, eta instituzional ere antolatu dira, besteak beste, Hernani musika bandaren kontzertua, Tio Teronen Semeak ekitaldia, jubilatuen koroaren emanaldia, eskola berriaren erakusketa, argazki eta lanen erakusketa, aitortza eta bazkaria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!