Justizia sozialerako politikak Hernanin erakutsiko dira, gaurtik

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 2a, 00:00
Xabier Lertxundi eta itsaso Lekuona, atzo, Kulturarteko Plaza Feministan

Hernani izango da Municipalities for an Equitable Transformation in Europe (MEET) egitasmoaren barruan egiten ari diren jardunaldien hurrengo geltokia. Guztira lau jardunaldi egingo dituzte eta aurreneko biak gaur eta bihar izango dira, modu telematikoan.

Hernanin Justizia Sozialerako politika publikoak. Hernani: eredu bat Europan jardunaldia gaur hasiko da eta atzo aurkeztu zen Kulturarteko Plaza Feministan. Lau jardunaldi izango dira eta lehenengo biak gaur eta bihar izango dira online. Hirugarren eta laugarren jardunaldiak, berriz, aurrez aurre izango dira; martxoaren 15ean eta martxoaren 16an, Kulturarteko Plaza Feministan. Jardunaldien berri eman zuten Xabier Lertxundi alkateak eta Itsaso Lekuona, Udaleko Berdintasuna, Kulturartekotasuna eta Lankidetza arloetako zinegotziak. 

Xabier Lertxundik hartu zuen hasierako hitza: «Bidezko Eraldaketarako Udalerriak Europan (MEET) Transiziorako Herrien arteko Europako topaketetan parte hartzen ari da Hernaniko Udala». Iazko irailean abiatu ziren topaketak, Portugalen. «Helburua da politika publiko aurrerakoiak elkarbanatzea herri ezberdinen artean, elkarrengandik ikasteko». Europar Batasunak finantzatutako proiektu honetan, Famaliçaon (Portugal), Arcueilen (Frantzia) eta Valsamoggian (Italia)  antolatu dira proiektuak aurkezteko saioak eta orain, Hernaniren txanda da. Gero Dąbrowa Górniczak (Polonia) hartuko du erreleboa. 

Lertxundik gogorarazi zuenez, «udalerri horiek beren lurraldean aldaketa sakon eta iraunkorrak ezartzeko konpromisoa hartu zuten, eta bidezko jendartea lortzeko pausoak ematen ahalegindu dira. Europa jasangarriago bat ari gara lantzen, beti ere tokikotasunetik abiatuta. Hernaniko Udalaren jarduna aitzindari, erreferentzia eta eredu da justizia sozialean, baita hainbat alorri dagokionean erronka globalei aurre egiteko ere, ahal nola, Ingurumena, Ekonomia, Euskera, Berdintasuna zein Kulturartekotasunean, besteak beste. Horregatik jarri ziren kontaktuan Hernanirekin, 2022-23 ikasturtean MEETen partehartzeko eskaera luzatuz».

 

Topaketa telematikoa gaur eta bihar; presentziala aurrerago

Ondoren, Itsaso Lekuonak topaketaren nondik norakoak eta egitasmoak azaldu zituen. Hernanin bi formatutan eramango dute aurrera. Topaketa telematikoak gaur eta bihar izango dira; eta presentziala martxoaren 15ean eta 16an, Kulturarteko Plaza Feministan.

Itsaso Lekuonak adierazi zuenez, «gaur, modu telematikoan, berdintasuna eta kulturartekotasuna landuko dira eta bihar, tokiko burujabetza izango da gai nagusia. Gai bakoitzeko aditu batek hitz egingo du, guztira hiruk. Berdintasunaren inguruan Mireia Espiau ariko da gaur, eta kulturartekotasuna bultzatzeko politika publikoen inguruan, berriz, Jeanne Rolande Dacougnak jardungo du. Bihar, Mikel Valero Alzagak Hernani Burujabe proiektua aurkeztukoko du». 

Martxoaren 15ean eta 16an topaketa presentziala eskainiko dute eta «sakonduko dugu gai bakoitzean», aipatu zuen Lekuonak. Hiru bloke nagusiei, ZeroZabor ibilbidea gehituko zaie. «Proiektu konkretuak azalduko dira eta partehartzea irekia da». Horretarako izena eman behar da Hernaniko udaleko webgunean.

 

EGITARAUA

JUSTIZIA SOZIALA TOPAKETA

 

GAUR-ONLINE

Berdintasuna eta kulturartekotasuna

10:00 Xabier Lertxundi alkatearen agurra.

10:20 Berdintasuneko politika publikoak gurean. Mireia Espiau Idoyagaren hitzaldia. 

11:45 Kulturartekotasuna bultzatzeko politika publikoak gurean. Jeanne Rolande Dacougna Minketteren hitzaldia.

 

BIHAR-ONLINE

Tokiko burujabetzak

10:00 Harrera Itsaso Lekuonak, Udaleko zinegotzia.

10:20 Tokiko burujabetzak: Hernani Burujabe. Mikel Valeroren hitzaldia

11:30 Itxiera. Talde Gogoeta, Meet egitasmoko bazkideentzat soilik.

 

MARTXOAK 15

Berdintasuna eta kulturartekotasuna

09:00 Erregistroa eta harrera, Hernaniko udaletxean. Ondoren, ongietorria Xabier Lertxundi alkatearen eskutik.

10:00 Topaketak kokatu, egitaraua aurkeztu eta elkar ezagutu KPFn

11:00-15:15 Begirada orokor bat. Hernanin garatzen ari diren Berdintasuneko politiken ardatz nagusiak. Talde gogoeta, 14:00etan.

15:15-16:30 Kulturartekotasuneko politika publikoak Hernanin. Mireia Espiau Idoyaga

16:30-17:30 Berdintasuneko politikak: Kale izendegiaren eraldaketa ikuspegi feministatik. Ibilbidea herrian zehar.

 

MARTXOAK 16

Hernani Burujabe egitasmoa eta Zero Zabor ibilbidea.

09:30-14:30 Hernani Burujabe egitasmoaren ezaugarri nagusiak: Autozaintza, elikadura burujabetza, energia burujabetza eta tokiko moneta. 14:00etan talde gogoeta.

15:00-16:30 Zero Zabor ibilbidea Hernanin barrena. Egindako bidearen aurkezpen ibiltaria.

16:30-17:30 Gogoeta eta itxiera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!