Tasak %1,5 igoko dira, «KPIaren oso azpitik geratzen da igoera hori»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 2a, 00:00

Isa Sánchezek azaldu zituen lehenengo puntuak.

EH Bilduk eta Podemosek alde bozkatu zuten, PSE-EE abstenitu eta EAJk aurka bozkatu zuen.

Aurreko Plenoko akta ontzat eman eta azkeneko dekretuen berri eman ondoren, aho batez onartu zuten aldaketa bat egitea zuzeneko dirulaguntzen erregimenean. Horren bitartez, dirulaguntza emango diote Euskal Herrian Euskarazi.

Isa Sanchez ogasun zinegotziak azaldu zituen hurrengo lau puntuak, eta ia denak onartu ziren aho batez. Batetik, aldaketa egingo dute kaleko salmenta postuek jabetza publikoa okupatzeagatik ordaindu beharreko tasan. Zehazki, kopurua kalkulatzeko moduan izango da aldaketa: horretarako bi sistema ezberdin zeuden orain arte, eta bateratzea erabaki dute. Bestetik, ur horniduraren ordenantzan ere aldaketa bat onartu zuten aho batez. «Joan den urtean tarifetan tramo berri bat onartu genuen, nekazaritza eta abeltzaintza jardueretarako, baldintza batzuekin; baina konturatu gara horiek errealitatera egokitu behar ditugula. Bi baldintza izango dira: nekazaritza eta abeltzaintza jardueran izena emanda egotea Aldundiaren erregistroan; eta uraren toma independientea izatea», azaldu zuen Isa Sanchezek.

Ondorengo puntuan izan zen desadostasuna, 2023-2024ko ikastaroen tasen inguruan. Udal gobernuak proposatu zuen %1,5eko igoera aplikatzea Hernani musika eskolako, Kantuz musika eskolako, kiroldegiko, Biteriko, igerileku irekietako eta Udal Euskaltegiko tasetan, eta mantentzea Jabetze Eskoletan. «Legegintzaldi hasieran, erabaki genuen KPIaren arabera igotzea horiek, baina azkenaldian aztoratu egin da, %8,9raino. Eta uste dugu oreka mantendu behar dugula, zerbitzuaren kalitatea bermatzeko. Murrizketak izango dira diru sarrera gutxien dituztenentzat, inor ezin delako gelditu zerbitzuak erabili gabe, prezioari aurre egiterik ez daukalako», nabarmendu zuen ogasun zinegotziak. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bozkatu zuten alde, abstenitu egin zen PSE-EE, eta kontra bozkatu zuen EAJk: «Ez dugu igoerarik babestuko, Udalak hainbesteko gerakina izan eta Foru Funtsetik jasotako diru sarrerak gora doazen bitartean».

Eta azkenik, aho batez onartu zen tasa eta prezio publikoen salbuespenei eta murrizketei buruzko ordenantza fiskalaren aldaketa. Proposatu dute uraren eta hondakinaren tasak sartzea sistema horretan, herritarrek zuzenean ordaindu dezaten tasa murriztua, osorik ordaindu eta gero dirulaguntza eskatu beharrean. Etxebizitzaren jabeek ez ezik, alokairuan daudenek ere eskatu ahal izango dute hori. Hasierako proposamenari, hainbat aldaketa proposatu zizkion Elkarrekin Podemosek, eta txertatu egin ditu udal gobernuak. Zentzu horretan, alderdi moreko Jaione Aristregik nabarmendu zuen «ogasun zinegotziarekin izandako sintonia ona», eta beraien ekarpenak txertatu izana. EAJ-PNVko Andoni Amonarraizek, bere aldetik, adierazi zuen «oso proposamen interesgarriak» direla udal gobernuak egindakoak. Aldaketa onartuta, 2024an jarriko da martxan.

 

Bertatik Elikatuzekin hitzarmena onartu zen

Hurrengo puntuan sortu zen eztabaida gehien, astearteko Plenoan. Patxi Ibarguren merkataritza zinegotziak aurkeztu zuen, Bertatik Elikatuz laneratze enpresaren egitasmoari dirulaguntza emateko lankidetza hitzarmena sinatzeko proposamena. Hernani Burujaberen baitan kokatzen da, eta hainbat eragilek hartu dute parte: Herrilur, Henase, Zabalduz kooperatiba, Gure Elikagaia enpresa... «Bi helburu nagusi izango ditu: Hernaniko lehenengo sektorearen kate osoan eragitea, eta sektorea biziberritzea. 12 lanpostu sortuko dira urtero, eta finantzaketari dagokionez, dirulaguntza potentea jaso du proiektuak, Kutxatik, Lanbidetik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik», azaldu zuen Ibargurenek: «Ekoizpenaren galera ekidin eta merkaturatzeko aukera emango du. Balio erantsia eskaini, eta ekoizpen lehiakortasuna eta bideragarritasuna biderkatzeko aukera emango du. Gainera, ekoizle eta ekoizpen kopuruaren sustapenaren motorra izango da». Oposizioko hiru alderdiek hartu zuten hitza, segidan.

EAJk aurka bozkatu zuen eta Amonarraizek botoaren arrazoia azaldu zuen. «Hasierako proiektutik aldaketa ikaragarria da. Enpresak aurkeztu duen plana ez da erreala. Ilea hartu digu edo udal gobernua ari zaigu ilea hartzen. Proiektua ezin da gauzatu eman dizkiguten zenbakietan. Sukaldariak eta langile asko falta dira».

Ildo berean bozkatu zuen PSE-EEk. Enpresa horren «helburuak oso onuragarriak izan daitezkeen arren, antzeko balioak dituen eta Udaletik diruz laguntzen ez ditugun inguruko laneratzeko beste edozein enpresa baino ez da». 
Enpresa berri horren arrazoietako bat laneratzea da, hau da, gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden langileak kontratatuko ditu, «beste enpresa batzuek industria sektorean edo zerbitzu sektorean egiten duten bezala. Enpresa horrek sukalde bat ere sortuko du, non, enpresetan jantoki-zerbitzua eskaintzeaz gain, Km0ko produktuak eraldatuko ditu, hau da, Hernanitik 100 km-ra daudenak, eta, beraz, gure udalerriko ekoizleei ez ezik, beste ekoizleei ere mesede egingo die. Sukalde nagusiak dituzten beste enpresa batzuek ere egiten dute hori, baita enpresa berria instalatu nahi den poligono berean ere, eta 2017an Hernaniko orduko alkatea, EH Bildukoa, bertaratu zen».

Podemos abstenitu egin zen. Ideiarekin ados zegoen, baina «zalantza asko sortzen dizkigu proiektuak». Hitzarmena onartu zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!