Goiz Eguzki jubilatu etxearekin hitzarmena Udalak, beste lau urtez

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 1a, 00:00

Xabier Lertxundi alkatea eta Jose Antonio Olano, akordioa sinatzen.

15.000 euroko diru laguntza emango dio Udalak elkarteari jarduera ezberdinak antolatzeko.

Hernaniko Udalak eta Goiz Eguzkik hitzarmena berritu dute. Horren arabera, Udalak urtero 15.000 euroko diru laguntza emango dio elkarteari. Jubilatuen bizimodua hobetzeko kultur jarduerak, garapen pertsonalera bideratutako jarduerak eta jolas edo aisialdi-jarduerak garatu ditzan eman zaio. 

Hitzarmenaren indarraldia 2023ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra bitartekoa da. Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak eta Jose Antonio Olano Goiz Eguzki erretiratuen Elkarteko lehendakariak sinatu zuten atzo.

 

Udalaren jabegoa du eraikinak

Goiz Eguzki eraikina Udalaren jabegoa da eta, beraz, mantentze eta garbiketa gastuak erakunde publikoaren esku geratzen dira. Hori ez ezik, gastu arruntak (ura, gasa, argindarra, telefonoa eta internet, zergak eta asegurua) ere Udalak bere gain hartu ditu.

Erretiratuen elkarteak, beraz, kultur jarduerak, garapen pertsonalera bideratutako jarduerak eta jolas edo aisialdi-jarduerak antolatzeko ardura hartzen du.

Kultur-jardueren eta garapen pertsonaleko jardueren programaren barruan honako ekintza hauek sartzen dira: abesbatza, antzerki taldea, hitzaldiak eta ikastaroak, irakurketa eta idazkera jarduerak, eskulanak egiteko tailerrak, yoga, pilates, ipar martxan eta psikomotrizitatea, besteak beste. 

IKTen inguruko formazioak (informatika, whatsapp, mugikorra edo sare sozialak erabiltzeko tailerrak) ere talde horretan daude. Jolas-jardueren programan aldiz dantzak, txangoak, ibilbideak, txapelketak eta bingoa daude

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!