«Ekhi-a ez da tokiko merkataritza sustatzeko sistemarik onena»

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 28a, 00:00

Crespok dioenez, «gainera negozio bikaina bihurtu da eta hasieratik azaldu genuen ez geundela ados sistemarekin, jasangarria ez zelako».

Udalak dirulaguntza berriak onartu zituen joan den astean tokiko merkataritza sustatzeko, Ekhi moneta sozialaren sisteman oinarrituta. Zehazki, 200.000 euro erosketa bonuen kanpainarako, eta 50.000 euro hura kudeatzen duen elkarterako. Ordainketa sistema hori aurkeztu zutenetik, sozialistak aurka agertu dira, ordaintzeko modua beharrik gabe bikoizten zuelako, eta, gainera, haren kudeaketak Hernanirentzat zituen kostuengatik, beharrezkoa ez zen egitura bat sortzen zuelako.

Gauzak horrela, Hernaniko PSE-EEri iruditzen zaio «bizirik jarraitzeko sistema bat diruz laguntzen ari dela, laguntza publikorik gabe mantentzea zaila izango litzatekeena eta, gainera, existitzen ez den ezer berririk ekartzen ez duena; beste negozio bikaina». Ekhi ordainketa sistema kudeatzen duen «Hernanikoa ez den elkarte horrentzat, 118.000 euroko aurrekontua bideratu zaio 2021etik, eta beste 50.000 eurotik gora moneta sozial hori martxan jartzeko. Hernani Berriak merkatarien elkartearentzat, berriz, 2021tik 81.000 euroko aurrekontua bainoez zaio bideratu».

 

Berriak ekimenaren ohiko kanpainaren alde

Bestalde, Ekhi sistemaren bidez egindako Gabonetako bonuen kanpainari buruzko datuak ere eman ziren udaletxean. «Bonuen hobarian emandako euro bakoitzeko 5,29 euro lortu dira, baina 641 erabiltzaile kontutarako soilik. Berriak-ek egindako Gabonetako deskontu kanpainan, berriz, 4 euro lortu dira hobaridun euro bakoitzeko. Baina publiko objektibo haundiagoarekin, Hernaniko biztanle guztiak».

Ricardo Crespo bozeramaileak dioenez, «Berriak bonu tradizionalen kanpaina-mota horrek bonuetan erositakoa baino gastu haundiagoa ahalbidetzen du. Ekhi sistemarekin zure diru-zorro birtualean sartutako diru kopuruarekin bakarrik egiten dituzu erosketak; ohiko bonuekin, berriz, 60 euroko erosketa bat egiten duzu, 50 euroko bono erosketa hobariarekin merkataritzak 10 euro gehiago lortuko lituzke. Horrela, Berriak ekimenaren ohiko kanpainarekin, bonoekin erositako euro bakoitzeko 8,03 euro mugitu dira, aldiz Ekhi sisteman sartutako euro bakoitzeko 6,29 euro mugitu dira. Udalak hobaritutako 30.004 eurorekin Ekhi sistemarekin 188.000 euro baino gehiago mugitzea lortu bada tokiko merkataritzan, ohiko bonuekin 240.000 euro baino gehiago mugituko ziren».

Beraz, PSE-EErentzat frogatuta dago erosketa bonuak Ekhi izeneko moneta sozialeko sistema horren bidez bideratuko ez balira, «tokiko merkataritzarako onura haundiagoa izango litzatekeela. Eta, gainera, ia 170.000 euro izango genituzke merkataritzan erabiltzeko, ez bailitzateke beharrezkoa izango Ekhiren funtzionamendua diruz lagundu behar».

«Gogoratu behar da kontu bakoitzean dauden Ekhiak eurotan kentzeagatik eragiketaren %1a kobratzen dutela, eta, ondorioz, Ekhi sistemak eragiketa horiengatik 875,67 euro 'galdu' edo kobratu dituela, udalean emandako datuen arabera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!