Bigarren garaipena segidan mutilek, eta urteko lehenengo porrota neskek

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 28a, 00:00

Hernaniko mutilak, aurreko astean, Navarvoleyren kontra.

Gazi-gozoa izan da asteburua, Euskal Ligako bi talde hernaniarrentzat, etxetik kanpo.

Gogortzen ari da Euskal Liga, nesketan zein mutilen, denboraldi bukaera gerturatzen ari den heinean. Oso partidu lehiatuak dira denak, eta horren erakusgarri da joan den asteburua: bi partidu gogor jokatu, eta emaitza gazi-gozoak lortu dituzte Hernaniko bi taldeek.

Urteko lehenengo porrota jaso zuen nesken taldeak, Lekeition, Marierrotaren kontra. Ondo ekin zioten hernaniarrek, eta aurreneko jokoa irabazita (20-25), bazirudien garaipena eskuratuko zutela; baina ez zuten asmatu hurrengo jokoetan, une erabakigarrietan tantoak lortzen. Horrela, 25-22, 25-19 eta 25-15 galdu zituzten hurrengo hiru jokoak.

Mutilek, aldiz, bigarren garaipena lortu zuten Gasteizen, Udapa Jatorkideren kontra. Gogotik egin behar izan zuten lan, horretarako; jokalari asko falta zituzten, gainera. Hala ere, 19-25 irabazi zuten aurreneko jokoa, eta bigarrena 25-19 galdu ondoren, 17-25 nagusitu ziren hirugarrenean. Oso parekatua izan zen laugarrena, baina etxekoek irabazi zuten azkenean (29-27), eta desenpatean jokatu zuten garaipena. Orduan, nabarmen hobeto aritu ziren hernaniarrak: 6-15 irabazi zuten, eta espero baino gehiago kosta arren, garaipena eskuratu zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!