Inauterietan gertatutakoa salatu du Herburuk

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 26a, 00:00

Herburuk gogor salatu eta gaitzetsi nahi ditu, inauterietan zenbait ikusleren aldetik azaleratu diren oihu homofoboak.

Inauteriak amaitu diren honetan, Hernaniko Erraldoi eta Buruhaundien konpartsak herritarren parte hartzea eskertu nahi izan du, baina aldi berean, inauterietan entzundako zenbait iruzkin ere salatu ditu ondorengo komunikatuan: «mila esker gure atzetik eta ondoan izan zareten guztioi. Izugarria izan da! Zoritxarrez, berriak beti ez dira onak izaten. Hain zuzen, ohikoa denez, batzuk barrera moduko bat osatzen dute Hernaniko Kaxkoko zenbait kaletan buruhaundiekin jolastuz. Horra arte dena ongi, azken finean, jolasa ohitura bihurtu da denboraren poderioz. Barrera delako horietan, pertsona batzuk 'kantiko'-ak oihukatu dituzte. Horien artean, maricon bezalako hitza erabiliz, jarrera homofobo baten posizioan ipiniaz.

Hortaz, ez gara isilik geratuko, eta Herburu Hernaniko Erraldoi eta Buruhaundien konpartsaren izenean, gogor salatu eta gaitzetsi nahi ditugu zenbait ikuslek egindako oihu homofoboak; eta horrelakoak ez errepikatzea eskatzen dugu. Bukatzeko, guk gure lana egiten jarraituko dugu, era autonomoan, Hernaniko udaletxe, eragile zein herritar ororentzat, baina ez dugu horrelako oihurik entzun nahi egiten ditugun emanaldietan, jasanezina eta nazkagarria egiten zaigulako horrelakoak entzutea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!