Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiak geldialdia Hernanin, bigarrenez

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 26a, 00:00

Dorleta Kortazar izango da martxoaren 10ean, Hernanin. Argazkia: topagunea.eus

Hernanin lau geldialdi egingo ditu Ahoz Aho ekimenak: martxoaren 2an liburutegian; martxoaren 10ean Zikuñagako Libgunean; martxoaren 13koa Antziolako Libgunean eta martxoaren 17an Ahozkotasunaren gala nagusia, Biterin.

Bigarren urtez iritsiko da Hernanira, Ahoz Aho ekimena, Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia, Intujai Teatroak antolatuta. Tolosan eta Ordizian sortutako proiektua da, baina dagoeneko 19 udalerritara hedatu da jaialdia, eta urte honetan ere, ekimenarekin bat egingo du Hernaniko Udal Liburutegiak. 16garren edizioa izango da aurtengoa eta lau geldialdi egingo ditu Hernanin martxoan zehar. Jatorri ezberdinetako narratzaileak izango dira Hernanin eta mota guztietako publikoari zuzendutako istorioak kontatuko dituzte.

Aurreneko hitzordua martxoaren 2an izango da, hau da, datorren ostegunean. Belgikatik etorriko da Alberto García kontalaria, eta berak helduentzako kontaketa eskainiko du gaztelaniaz, arratsaldeko 19:00etan, liburutegian. Belgikan eta Alemanian ibilbidea egin duen kontalari, aktore eta zuzendari kataluinarra da García. Kontakizunaz gozatzeko, aldez aurretik gonbidapena eskuratzea ezinbestekoa da, eta horretarako bi bide daude: Biteriko leihatilan edota kultura.hernani.eus webgunean.

Alberto GarcÍa izango da liburutegian, hilaren 2an. Argazkia: alberto-garcia.be

Bigarren geldialdia astebete beranduago izango da, Zikuñaga eta Antziolako Libguneetan. Saio bana eskainiko dute, martxoaren 10ean eta 13an, hain zuzen ere.  Saio hauek haurrei zuzendutakoak izango dira; Euskal Herriko (Dorleta Kortazar eta Marta Alzate), Frantzia-Polinesiako (Celine Ripoll) eta Mexikoko (Martha Escudero) kontalariak izango dira Hernanin,  eta saio hauek elebitan izango dira, euskeraz zein gaztelaniaz. Arratsaldeko 17:30etan hasiko dira saioak.

Martxoaren 17rako, aldiz, Ahozkotasunaren gala nagusia antolatu dute, Biterin. Arratsaldeko 18:00etan emango zaio hasiera galari, eta edonori zuzendutako ekitaldia dela azpimarratu du Intujai Teatroak: «familian momentu ederra igarotzeko aukera paregabea izango duzue». Guztira 5 kontalari etorriko dira, hauek Euskal Herrikoak eta atzerritarrak, hala nola, Zoa Meza (Nicaraguia), Iñaki Carretero (Maturana) Birjiñe Albira (Iruñea), Ane Gebara (Gasteiz) eta Mai Gorostiaga (Tolosa). Beraz, bertaratzeko asmoa dutenek, aldez aurretik gonbidapena eskuratu beharko dute, Biteriko leihatilan edota kultura.hernani.eus webgunean sartuta. 

AHOZ AHO EKIMENA

HERNANI

MARTXOAK 2

19:00 Alberto Garcia. 
Liburutegian.

MARTXOAK 10

17:30 Dorleta Kortazar eta Celine Ripoll. Zikuñagako Libgunean.

MARTXOAK 13

17:30 Martha Alzate eta Martha Escudero. Antziolako Libgunean.

MARTXOAK 17

18:00 Ahozkotasunaren Nazioarteko jaialdia. Biterin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!