Hernaniarrak protagonista atzo, Bordari eta Satarka sarien banaketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 25a, 00:00

Iñigo Legorburu eta Iñaki Sanz-Azkue, Satarka eta Bordari sariekin, atzo.

Ipuin onenari saria jaso du Iñaki Sanz-Azkuek, eta poema sorta onenari saria eskuratu du Iñigo Legorburuk.

Erabateko protagonismoa izan zuten hernaniarrek Hondarribian, atzo, Bordari eta Satarka sarien banaketan: bi sari nagusiak ekarri zituzten herrira, Iñaki Sanz-Azkuek eta Iñigo Legorburuk. Ipuin onenaren Bordari saria jaso zuen Sanz-Azkuek, eta poema sorta onenaren Satarka saria Legorburuk.

Koartza zuria izeneko ipuinarekin lortu du aurreneko saria Sanz-Azkuek: «Goiz batean, ikusi nuen Bidasoa zeharkatu nahi duten migratzaileetako bat, oso gaztea, zubi batean; eta hegazti bati begira zegoen, koartza zuri bati begira. Horrek inspiratu ninduen ipuina idazteko. Imajinatu nuen gazte hark ezagutuko zuela koartza zuria bere herrialdean, eta pentsatuko zuela zeinen erraz zeharkatu dezakeen muga hegan». Horrelako gazte bat da ipuineko protagonista. Gerturatuko zaio arrantzale ohi bat, eta hitz askorik egin gabe, lagundu egingo dio egunez egun: «Hizkuntza internazionala baita natura, kulturak lotzen dituena».

Legorburuk, berriz, Urtaro pan­demikoen joanean lanarekin lortu du saria. Pandemia eta lau urtaroak lotu nahi izan ditu, poe­ma libreak zein sonetoak idatzi­ta. «Pandemiaren gaia erabili dut, lehiaketa bera bi urtez egon de­lako geldirik haren erruz. Eta pandemiaren elementuak ageri dira poemetan: Joaquín Sabinaren Nork ostu dit apirila?, konfinamendua, herri barruko hasierako ibilaldi haiek... Pandemiari urruneko begirada batez behatzeko modua izan da, distantziatik are gogorragoa iruditzen zaidalako bizi izan genuena».

Ez da izan Bordari eta Satarka lehiaketan saria lortu duten au­rreneko aldia, bientzat. Legorburuk sariren bat eskuratu du 2013tik hona egin diren edizio guztietan; eta Sanz-Azkuek beste bi ediziotan lortu du saria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!