Gizon bat atxilotu dute Hernanin, droga-trafikoagatik

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 24a, 19:30

Ertzaintzak egindako ikerketa baten ondorioz atxilotu dute. Azaldu dutenez, Florida auzoko lokal batean saltzen zuen droga, legez kanpoko substantziekin trafikatzen zuen, eta adingabeei ere saltzen zien.

44 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Hernanin, droga-trafikoaren inguruan egindako ikerketa baten ondorioz. Ustezko trafikatzailea harrapatu zuten kalean herritar bati zerbait saltzen, eta hainbat substantzia atzeman zizkioten. Ertzaintzak azaldu duenez, Floridako lokal batean burutzen zuen bere jarduna atxilotuak, eta lokala miatu zutenean, hainbat substantzia, dirua eta droga banatzeko materiala aurkitu zituzten.

Joan den urtearen bukaeran hasi zuen ikerketa Hernaniko Ertzain Etxeak, susmatzen hasi zenean Floridako auzoko lokal batean droga saltzen, legez kanpoko substantziekin trafikatzen eta adingabeei ere saltzen ari zirela. Lokala polizia-aurrekariak zeuzkan gizon batena zela egiaztatu zuten, eta zaintza-dispositiboa jarri zuten martxan, delituren bat egiten ari ote zen egiaztatzeko.

Susmagarriari egindako jarraipenaren ondorioz, ikerketaren arduradunek egiaztatu zuten ikertutako gizona lokaletik irteten zen kasu batzuetan, joaten zela jende gutxi ibiltzen zen inguruko leku batzuetara, eta beste pertsona batzuekin kontaktu laburra izaten zuela. Kontaktu horietan, ustez, droga ematen zien, diruaren truke.


Joan den asteazken arratsaldean, ikerketako baliabideek, kalean truke horietako bat ikusi ondoren, eroslea geldiarazi zuten, eta egiaztatu zuten sorgorgarriak izan zitezkeen substantzia-kopuru ezberdinak eskuratu zituela. Horren aurrean, saltzailea atxilotu zuten, osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta, eta diru-kopuru esanguratsua aurkitu zioten.

Dagokion baimen judiziala hartuta eta Ertzaintzako Txakur Unitatearen laguntzaz, susmagarriaren lokalean sartu eta miaketa egin zuen Ertzaintzak, eta pare bat kilo marihuana, 573 gramo haxix, 62 gramo MDMA eta 1,354 kg anfetamina aurkitu zituen. Horrez gain, doitasun-balantza bat, dirua eta substantzien banaketarako elementuak ere aurkitu zituen.

Atxilotua Donostiako Guardiako Epaitegiaren esku jarri dute gaur goizean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!