Nafarroako Kirol Jokoen finalak, gaur Sagarduik eta Legarretak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 25a, 00:00

Goizuetako eta Aranoko neskek jokatuko dute goizean Labriten eta Etxarrin, Gomezen eta Sarratearen aurka.

Nafarroako Kirol Jokoen barruan esku pilotako finalak jokatuko dituzte buruz buru eskualdeko pilotariek gaur goizean. Alize Sagardui neska alebin gazteak, 10:00etan jokatuko du Labriten,  Ardoiko Gomezen kontra. Neska kadeteen finalean, Araitz Legarreta aranoarra, Ultzamako Sarratearen kontra ariko da. Biak ere Umore Onako pilotariak dira eta bi txapela garrantzitsu lortu ditzakete gaur taldearentzat.

 

Finalerdian, Gurutzealde eta Barandiaranen arteko lehia

Gipuzkoako Trinkete Txapelketan Oier Gurutzealde eta Xabier Barandiaran astigartarrak elkarren aurka ariko dira gaur buruz buruko finalerdian. Iruran Mundarroko bi pelotariek finalerako txartela lortu nahi dute 15:30etatik aurrera. Lehenengo mailan ari dira biak eta Mundarrorentzat arrakastatsua da bietako bat finalean izatea.

Hernaniko hiru pelotarik Gipuzkoako final-laurdenak jokatuko dituzte. Kadete mailan, Joseba Arretxek Iparragirreren (Behar Zana) aurka jokatuko du eta partidu berdindua espero da. Eta senior kategorian, Bigarren mailan, C.D. Hernaniko bi pelotarik jokatuko dute elkarren aurka. Iñigo Labaka beteranoa, Jon Jara gaztearen aurka. Ez dago faborito argirik.

Bihar 10:15etatik aurrera Zizurren, Imanol Ormazabal eta Ekhi Oses infantilek Ardoi 4,5 Torneoko finalerdiak jokatuko dituzte. Ormazabal lehen urteko haur mailan arituko da eta Oses bigarren urteko haur mailan. Txapelketaren antolakuntzak ez zituen aurkarien izenak jakinarazi lerro hauek idazterakoan.

Profesionaletan Hodei Exposito itzuliko da bihar, Eibarko Astelenan Bikuñarekin batera, Artola eta Salaverriren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!