Ama feministen taldea, plazara

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 25a, 00:00

'Atsolorra' aurkeztu zen 2022ko martxoan KPFn.

Gaur, 10:30etan hasiko den Topaketan aurkeztuko da taldea Kulturarteko Plaza Feministan.

Kulturarteko Plaza Feministan gaur, 10:30etan hasita, amatasuna ikuspegi feminismotik aztertzeko topaketa antolatu du Ama Feministen Taldeak, Hernaniko Udaleko Berdintasun Departamentuaren laguntzarekin. Hiru zatitan banatu dute topaketa: hasteko, Ama feministen Taldea aurkeztuko dute publikoki; ondoren Parean elkarteak egin zuen amatasuna feminismotik nola bizi den aztertzeko, 150 emakumek betetako inkesta oinarri, Atsolorra deitutako ikerketa ezagutaraziko da; eta amaitzeko, bertaratutakoen artean tailer saio bat izango da.

Antolatzaileek esanetan: «Amatasuna oso modu intimo eta pribatuan bizi da eta pixkanaka ireki eta politiko bihurtu nahi dugu. Helburu horrekin Ama Feministen Taldea osatuz joan gara». 2022 urtean abiatu zuten prozesua, Emakumeentzako Jabetze Eskoletan antolatutako tailer batekin. «Bertan 30 andre inguru elkartu ginen amatasunaren inguruan hausnartzeko, emozio asko azaleratu ziren, ezinegonak mahaigaineratu, barre egin, negar egin... eta elkartzen jarraitzeko beharra eta nahia agerian geratu ziren». 

Geroztik hainbatetan elkartu dira, «batzuetan kafe goxo baten konpainian, eta beste batzuetan saioak zurito batzuekin luzatuz». Hainbat ekimen ere antolatu dira; Atsolorra Parean elkartekoekin, Ama, Eme, Ume liburuaren aurkezpena, Amaraun ikuskizuna, besteak beste. 

Dinamika hauei jarraituz, gaur Kulturarteko Plaza Feministan «topaketa ireki bat antolatu nahi izan dugu, talde hau zabaltzeko eta elkar topatzeko espazio bat eskainiz. Ziur zuk ere baduzula zer esanik. Egin bidea Parketik Plazara».

Topaketak antolatu dituzte, alde batetik, Ama Feministen Taldearen ibilbidea ezagutarazteko eta taldea irekitzeko. Bestalde, programan bildutako emakume guztien artean amatasunen gaia nondik landu eta prozesu bat egin nahi duten erabaki nahi dute. Ekitaldi honetarako, Emagin Elkarteak antolatutako (Ez) Amatasunak begirada feminista batetik jardunaldietan parte hartuko duten ehunka feministen artean identifikatu ziren amatasunari buruzko alderdiak hartuko dira kontuan. Hala, aurreikusita dago hainbat saio egitea, ikasturte honetan korapilo horiek lantzen joateko.

  

Saio irekia da eta nahikoa da bertaratzea

Beraz, jardunaldi hauetan parte hartzeko interesa duten emakume, ama eta feministei dei egin nahi diete. Ez da beharrezkoa izango aurrez izena ematea, nahikoa izango da bertaratzea, baina haurrak zaintzeko zerbitzua behar duenak aldez aurretik jakinarazi behar zuen.

Pandemiak hausnarketarako taldeak areagotzea eraman du, amatasunak sortzen dituen kezka eta galderak modu kolektiboan eta ikuspegi feminista batetik erantzuteko. Amatasunak etengabeko errebisio batera ekarri ditu, aldiro deseraiki eta eraikitzen sentitzen dira beraiengan dituzten eta izan nahi zituzketen ereduen artean borrokan. Eta sarri galduta sentitzen dira, gainera, emakume eta feminista gisa, eredu faltan bezala, diotenez.

Teoria feminista eta esperientzia pertsonalak uztartu eta partekatuta, amatasuna ikuspegi feministarekin praktikatzeko gogoz dauden emakumeen taldeak hori aztertzeko aukera izango du gau

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!