URUMEA LANEAN

«Enpresei laguntzen diegu produktua hobetzen eta merkatuan posizionatzen»

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 25a, 00:00

Industria diseinuaren munduan egiten du lan Elizaldek.

Orain dela bi urte t'erdi barneratu zen Edurne Elizalde hernaniarra industria diseinuaren munduan; Nare Design estudioa sortuta. Egindakoarekin «oso pozik» dago, eta proiektu zabalagoetan lan egitea da bere helburua.

Duela bi urte t'erdi sortu zuen Edurne Elizalde hernaniarrak Nare Design enpresa. Diseinu industrialaren sektorean egiten dute lan, nahiz eta nabarmentzen duten «estrategia» dela enpresaren indargunea. Mota askotako enpresei laguntzen aritu dira orain arte, eta egindako bidearekin gustura dago Elizalde. Orain proiektu «holistiko eta sakonetan» lan egitea da Nare Designek duen helburua.

 

Nolatan bururatu zitzaizun enpresa sortzeko ideia? 

Unibertsitate batean egiten nuen lan, eta inflexio puntu moduko bat iritsi zen; hiru urteren ondoren tesi doktorala egin ala ez erabaki behar duzu, eta tesia egin ezean ezin duzu bertan jarraitu. Horixe izan zen inflexio puntua, eta zer egin nahi nuen pentsatzen jarri nintzen. Kontua da nik faltan sumatzen nuela diseinu industriala. Euskal Herri mailan ez da oso lan arlo ezaguna, onerako eta txarrerako. Badaude zenbait enpresa arlo hori lantzen dutenak, eta oso onak direnak, baina bazeuden gauza batzuk nire erara egin nahi nituenak. Hori izan zen nire kabuz hastearen arrazoia. 

 

 

Nolakoak izan ziren proiektuaren hasierako uneak?

2020ko irailean hasi nintzen guzti honi forma ematen. Hasiera batean ez neukan ideiarik enpresa baten sorreran egin behar zen lanari buruz, ez dut horri buruzko ikasketarik egin, eta intuizioz egin nituen hasierako gauzak. Lehenengo lan eguna iristen da eta pentsatzen duzu: ‘Nola hasiko naiz?’. Hasieran lanketa sakon bat egin nuen, izena eta nortasuna sortzeko. Negozio honek daukan alde onetako bat da ez dela sekulako inbertsiorik egin behar martxan jartzeko, ez da makinaria zehatzen edo baliabide zehatzen beharrik. Hasteko nahikoa da ordenagailu bat izatea. Hasieran probak egiten aritu nintzen, nire kontaktuetatik tiraka forma eman nion eskaini nahi nuen horri, eta praktikan jarri nituen egindako probak enpresa munduan dabilen jendearekin. Jakin nahi nuen ea ulertzen zen eskaintzen genuena, eta behin hori egiaztatuta enpresetara deiak egiten hasi nintzen.  

 

Diseinu industrialari buruz ezer ez dakienari nola azalduko zenioke egiten duzuna?

Gure bezeroak produktu propioak ekoizten dituzten enpresak dira, eta zerbitzu desberdinak eskaintzen dizkiegu. Gure indargunea estrategia da; enpresei merkatu berrietan posizionatzen laguntzen diegu, daukaten produktua hobetuz. Produktu esaten dudanean izan daiteke ordenagailu bat, kotxe bat edo dena delakoa. Orain, adibidez, gurpildun aulki batean ari gara lanean. Hori analisi etnografikoen bitartez garatzen dugu, tokian tokiko analisiarekin. Izan ere, diseinua askotan lotzen da estetikarekin, baina ez da soilik hori.  

 

Adibide zehatz batean nola irudikatzen da lan hori?

Gurpildun aulki baten diseinuan ari gara orain lanean. Lehenengo identifikatzen dugu zeintzuk diren aktore nagusiak. Kasu honetan hiru aktore daude: enpresa saltzailea, aulkia bultzatzen duen pertsona eta aulkian eserita doana. Haiekin biltzen gara eta analisi sakon bat egiten dugu, galderen eta behaketaren bitartez. Hor identifikatzen ditugu produktuak sortzen dituen beldurrak eta arazoak, tarteka enpresak identifikatuak dauzkanak, baina beste askotan ez.

Esaterako, askok esan digute gurpildun aulkiak erabiltzen dituztenean aldapan behera joatean beldurra sentitzen dutela, baina inork ez du planteatu heldulekuak horizontalean jartzea, haur-kotxeetan bezalaxe. Aldaketa txiki horrekin konpondu egiten da, hein batean, arazo hori. Guk identifikatzen ditugu egin daitezkeen hobekuntza guztiak, eta iksuten dugu zeintzuk ahal ditugun momentuan konpondu. Hala, diseinu berria sortzen dugu hobekuntzekin. 

 

Edozein motako produktuekin egiten duzue lan?

Askotariko produktuekin aritu gara lanean orain arte. Garatu ditugun proiektuen artean daude jolas parke bat, sektore medikoko tresnak, laborategiko makinak, gurpildun aulkiak, eskuzko lanabesak… Produktu bakoitzak ez dauka zerikusirik bestearekin, baina analisi prozesua antzekoa da, testuingurua oso desberdina izan arren. Jakintza maila altua behar da fabrikazio prozesuei eta materialei buruz, baina gainontzekoa bezeroen laguntzarekin egiten dugu. 

 

 

Prozesu horretan zein da zure eginbeharra?

Orain arte ni bakarrik aritu naiz, orduan denetarik egin behar izan dut. Orain bigarren pertsona bat sartu da enpresara, eta formakuntza lanak egiten ari naiz gehienbat. Ideia da bera produkzioan aritzea, lan zehatzetan, eta ni proiektuen kudeaketan eta komertzial lanetan. Esan dudan modura, analisia da gure indargunea, eta horrek laguntzen digu lan guztietan. Egiten ditugun hobekuntzek balio dute marketing edo komunikazio kanpainetarako, zer garatu dugun azaltzeko, eta horrek ematen dizu oinarria beste guztia garatzeko. Horretan ari gara buru-belarri. 

 

Nongo enpresekin ari zarete lanean? 

Gehienbat Euskal Herri mailan egiten dugu lan. Bezero gehienak gipuzkoarrak dira, arabarrak ere baditugu. Euskal Herritik kanpo, Kataluiniako enpresa batekin ere ari gara lanean. 

 

Enpresaren ibilbidea hasi zenean gaur egun zauden lekura iritsi nahi zenuen? 

Hasieratik funtzionatu du ideiak, eta proiektuak beste dimentsio eta exigentzia maila bat hartzen joan dira pixkanaka. Hasieran proiektu batzuk egin genituen gerora inon agertuko ez direnak, baina argi daukat orain lanean gauden enpresa askorekin ez genukeela lanik egingo aurretik beste lan horiek egin ez bagenitu. Gakoetako bat izan da jakitea nora iritsi nahi genuen, eta bidean zehar eskaini nahi genituen gauzak kontrastatzen aritu gara. Suertez ez da iritsi enpresak funtzionatu ez duen momenturik, eta eboluzionatzen joan gara. Hasieran egin genuen aurkezpenetik orain saltzen dugunera ez dago ia zerikusirik. 

 

Etorkizunera begira zeintzuk dira zuen helburuak? 

Esango nuke asmoa dela proiektu holistikoak egitea, adar eta lan lerro asko dituzten lanak, alegia. Askotan deitzen digute proiektu oso zehatzak egiteko, zerbait aldatzeko, produktu bat apaintzeko edo tankerako gauzak eskatzeko, alderdi etnografikoa albora utzita. Hori ere diseinua da, baina ez da guk lantzen duguna. Gurea da hobekuntzak ekarriko dituen diseinuak egitea, eta markak lantzea. Izan ere, produktua aldatzen dugun heinean markaren filosofia ere aldatu behar dugu.

 

Marketinga eta posizionamendua lantzea? 

Bai, hori da. Estrategia komertziala lantzen dugu guk, produktutik harago doa: markak zer saldu behar duen, non posizionatzen den, dagoen tokian egoteko zer beta edo distribuzioetara joan behar duen… Horretan gabiltza, eta horrek produktuarekin ez du hain lotura zuzena. Horrelako proiektu bakarra izan dugu orain arte, gainontzekoak puntualagoak izan dira, eta guk lan holistikoak egin nahi ditugu, dena lantzeko. 

 

Zein da zuen enpresak eskaintzen duen aldagai diferentziala?

Inplikazioa. Pasio haundiarekin egiten dugu lan, eta gure bezeroekin kolaboratzen dugu. Halako proiektuetan estudio askok hartzen dute aditu rola: diseinatzen dute produktu bat eta inposatzen diete egindakoa bezeroei, edo hilabete batzuen buruan aurkezpena egiten diete. Guk ulertzen dugu enpresak sektoreari buruzko ezagutza haundiagoa duela, eta haiek dakitela non dauden mugak. Horregatik hasieratik elkarlanean jartzen gara. Gure bulegoa daukagu, baina gehienetan bezeroaren enpresan egoten gara lanean, hori da diferentziala. Uneoro sentitzen dute produktua beraiena dela. 

 

Orain arteko ibilbidearen zer balorazio egiten duzu? 

Balorazioa oso positiboa da, baina gogorra izan da aldi berean; oso gogorra. Lan asko egin behar da, pertsona bat hartzeak ere ardura areagotzen du. Horregatik diot eboluzioa oso positiboa dela, baina gogorra ere bai. Gauza batek ez du bestea kentzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!