Hondarribiko XXIII. Traineru Jaitsieran uretaratuko da 'Maialen'

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 25a, 00:00

16:12etan uretaratuko da 'Maialen'.

Hondarribiko erlojupekoan lehiatuko da Hernaniko trainerua, 2778 metroko distantzian. 

Gaur jokatuko da, arratsaldeko 16:00etatik aurrera, Hondarribiko XXIII. Traineru Jaitsiera. Egun ederra izango da Hernaniko Arraun Elkartearentzat, lehiara itzuliko baita 'Maialen' trainerua. Hiru kategoriako estropadak ikusi ahal izango dira Hondarribiko uretan; lehenengo beteranoen txanda jokatuko da, emakumezkoena ondoren, eta gizonezkoen txandak itxiko du estropada. 

Emakumezkoen txandako lehenengo trainerua izango da 'Maialen', eta arratsaldeko 16:12etan uretaratuko dira. Erlojupeko proba izango da gaurkoa, eta 2778 metroko estropada osatu beharko dute traineruek. Hernaniren lehiakideak izango dira Zarautz, Ondarroa, Zumaia, Hibaika, Tolosaldea, Donostiarra, Arraun Lagunak, Orio eta Hondarribia. Minuturo ontzi bat uretaratuko da. 

Beteranoak arratsaldeko 16:00etan abiatuko dira Endaika 'B' ontziarekin, eta 16:11etan uretaratuko da azken trainerua, Fortuna taldearena, txanda amaitzeko. Gizonezkoen lehenengo ontzia, aldiz, arratsaldeko 16:22etan abiatuko da, eta Hondarribia 'A' traineruak itxiko du estropada arratsaldeko 16:41etan. 

Martxoaren 19an itzuliko da Gipuzkoako Batel Liga

Otsailaren 11n jokatu zen Gipuzkoako Batel Ligako seigarren jardunaldia, eta martxoaren 19an itzuliko da lehiaketa. Hernaniko batelek oso maila ona erakutsi dute orain arte jokatutako estropadetan, eta gazteenak sailkapeneko goiko postuetan egonkortu dira. Zazpigarren jardunaldia Getariako uretan jokatuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!