«12 partidu geratzen dira eta dena eman behar da goiko postuetan mantentzeko»

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 25a, 00:00

Mikel Lizarazu eta Aitor Elizalde, Zubipeko harmailan.

Hernanik gaur 16:00etan Eibarren aurka jokatuko du Zubipen. Hernaniarrak bigarren daude sailkatuta, liderrarekin berdinduta, eta eibartarrak hirugarrenak dira bi puntura. Aitor Elizalde eta Mikel Lizarazu kapitainek deia luzatzen die zaleei Zubipera hurbildu daitezen.

Hernanik Eibarren aurka jokatuko du gaur, 16:00etan Zubipen, urteko partidurik garrantzitsuenetakoa. Ohorezko Erregional mailan hernaniarrak bigarren daude sailkatuak 41 punturekin, Añorga liderra bezala, eta eibartarrak hirugarrenak dira 39 punturekin. Gainera, datorren astean Añorgan jokatuko dute berdeek, beraz bi jardunaldi erabakior dituzte aurrez aurre. Aitor Elizalde (Hernani, 1995) eta Mikel Lizarazu (Hernani, 1996) kapitainek dioten bezala erronka polit baten aurrean daude.

 

Nola iristen da taldea 2023an partidu bakarra irabazi eta gero?

M.L.:  Hasierako dinamika ona ez gara ari mantentzen azkenengo partiduetan, baina buelta ematen ari gara egoerari, nahiz eta emaitzak ez diran esperotakoak izan. Garaipenetik gertu izan gara. Detaile txikietan egin digute ihes garaipenek eta baikorra naiz. Orain arte egin dugun denboraldia ona da eta hamabi partidu geratzen dira lan hori borobiltzeko.

A.E.: Bergararen aurka 0-2 galtzen joan eta gero, azken minutuetan berdindu genuen partidua. Ihes egin digute partidu batzuk jokoan hobeak izan garenean. Sailkapenari begira irabazi beharrekoak ziren batzuk, baina maila hau horrelakoa da.

 

Sailkapenean postuen arteko aldea egon arren lehia haundia egoten da?

A.E.: Ohorezko Erregional maila beti izan da horrela. Talde guztien artean, mailari dagokionez, ez dago ezberdintasun haundirik. Edozeinen aurka bai etxean eta bai kanpoan, puntuak galdu ditzazkezu. Partidu guztietan eman behar da maila ona, pixka bat jaisten bazara puntuak galtzen dira. Hamabi partidu geratzen dira eta dena eman behar da igotzeko borrokan mantentzeko. Lehenengoa igotzen da eta ez da erraza.

 

Zein da arerio arriskutsuena?

A.E.: Denboraldi hasieran Añorga eta Oiartzun ikusten genituen talde indartsu bezala. Eibar ez zen ongi hasi. Añorga hasieratik egon da lehenengo postuetan, eta ziurrenik añorgatarrak dira arriskutsuenak. Gainera, datorren astean beraien zelaian jokatzen dugu. Eibar eta Añorga dira aurkari nagusiak.

 

Denboraldia hasi zenean espero zenuten igotzeko lehian egotea?

M.L.: Egia esan sailkapenean oso ongi gaude sailkatuak. Balioan jarri behar da orain arte egindakoa, nahiz eta azken jardunaldietan puntuak galdu. Seguru aurredenboraldian galdetuta, edozeinek sinatuko luke hamabi jardunaldi faltan gauden lekuan egotea, liderrarekin puntutan berdinduta egotea. 

 

Pena puntuen abantaila galdu izana eta babes hori ez izatea.

M.L.: Gabonetako geldialdira abantaila politarekin iritsi ginen. Taldeen arteko berdintasunak puntuak galdu arazi dizkigu eta aurrera lanean, gogotsu, jarraitzea besterik ez da geratzen. 

 

Eibarren aurkako gaurko partidua oso garrantzitsua da. Nolakoa da talde eibartarra?

M.L.:  Urtetik urtera taldea asko aldatzen dute. Lehenengo partiduetan gehiago kostatzen zaie eta gero mailara egokitu egiten dira, arriskutsuak bihurtuz.

A.E.: Lehenengo itzulian Eibarren irabazi genuen, baina talde ona da. Gaztetasuna da bere ezaugarri nagusia. Eibarren hirugarren taldea da eta energia asko du gaztetasunaren eraginez. Ez da erraza izango talde eibartarra gainditzea.

 

Nola ari da talde denboraldia bizitzen?

M.L.:  Giro ezin hobea dago. Unai Munduate entrenatzailearen bueltak jokalariak oso sartuta egotea eragin du eta gure arteko harremanean lagundu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!