Alcobendasen bisita jasoko du gaur Hernaniko 23 urtez azpiko taldeak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 25a, 00:00

23 urtez azpikoek bakarrik jokatuko dute Landaren, asteburu honetan.

15:30etan hasiko da partidua. 18 urtez azpikoek eta 16 urtez azpikoek Ordizian jokatuko dute. 

Partidu bakarra jokatuko da Landaren asteburu honetan. Gaur bertan jasoko du 23 urtez azpiko taldeak Alcobendasen bisita, arratsaldeko 15:30etan. Partidu lehiatua espero da, sailkapenean antzeratsu dabiltzan bi talderen artean. Zazpigarren postuan dago Hernani, jokatutako 12 partidutan 22 puntu eskuratuta. Madrildarrak, aldiz, bosgarren postuan daude, trikoloreek baino bost puntu gehiagorekin; 27. 

Jokatuko duten gainontzeko taldeek etxetik kanpo egingo dute. 18 urtez azpikoek lehenengo postuan jarraitzen dute, orain arteko jardunaldi guztietan garaipena eskuratuta. Ordiziaren kontra jokatuko dute gaur, Altamiran. Bigarren sailkatua da Ordizia, eta garaipen batekin areagotu egingo litzateke orain 8 puntukoa den zuloa. 16 urtez azpikoek ere Ordiziaren aurka jokatuko dute. 

TOP 14ko partidua ikusteko zozketa, martxan

Hernaniko Errugbi Elkarteak martxan jarri du Anoetan jokatuko den TOP 14 ligako partidurako sarrerak eskuratzeko zozketa. Baionaren eta Pauren arteko norgehiagoka jokatuko da martxoaren 25ean, eta rifen bitartez egingo dute bi sarreraren zozketa. Txartelak Landaren, Pineda harategian, Zintzarri tabernan eta Apeadero tabernan erosi daitezke, eta martxoaren 19an iragarriko dute irabazlearen izena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!