Bitxikeria, misterio eta pasarte ugari, Jauregi bailarako paraje ederretan barrena

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 25a, 00:00

Arrikarteko lepoa, Santa Barbara atzean duela. Irudian ezkerrera behera doan bidea hartuko dugu, ferratokira iristeko.

Santa Barbarari buelta emanez, Jauregi bailaran barrena osatuko dugu ibilbide sortaren bigarrena: 8,14 kilometro, 240 metroko igoera metatuarekin. Hainbat toki esanguratsu izango ditugu zain bidean: Santa Barbarako lakua edo putzua, Illarratzuetako ferratokia, Koronelarri, eta tranbia zaharraren ibilbidea, besteak beste.

Eskuratu ibilbidearen tracka hemen, GPX formatuan.

Santa Barbara inguratu, eta Jauregi bailaran barrena osatuko dugu, ingurune berdean sigi-saga eta gora-behera, ibilbide sortaren bigarren paseotxoa. Eta ikuspegi zoragarriez gozatzeaz gainera, aukera izango dugu gure historiako zenbait elementu eta pasarte ere ezagutzeko.

Ibilbidearen planoa, aireko irudian. Goiko aldean ikus daiteke nola inguratzen duen Santa Barbara, Jauregi bailaran barrena ibiltzeko gero, eta Antziolan azkenik.
 

Guztira, 8,14 kilometroko ibilbidea egingo dugu, Plazan hasi eta buka, ohi bezala. Aurrekoa baino gorabeheratsuagoa da ibilbidea, eta 240 metrokoa izango da igoera metatua. Ibilbidean zehar, marka txuri-urdinekin egingo dugu topo, Hernaniko ibilbide sareko HIU-1 ibilbideari dagozkionak. Zati batean egingo dugu bat ibilbide horrekin, gure paseoaren erdi partean, 2 eta 5 kilometroen artean. Hasiera eta bukaera, ordea, ezberdinak izango dira.

Istorio politak dauzkaten tokietatik pasako gara ibilbide osoan zehar; ezagunagoak batzuk, ez horren zabalduak besteak. Jauregiko gorabeheretan barrena deskubrituko ditugu horiek, baina paisaia berdeak zein harritsuak begibistan ditugula, erosoagoak egingo zaizkigu igoera-jaitsierak. Esaerak dioen bezala: gustoko tokiyan, aldapaik ez.

 

HARROBIAK ERAGINDAKO LAKUA, FERRATOKI OHIA, ETA KORONELARRI MISTERIOTSUA

Hitzordua Plazan jarrita, udaletxeko arkupe nagusiaren azpitik aterako gara Lizeaga kalera, eta gorantza egingo dugu zuzengune luzea, motorrak berotzen hasteko. Hilerriaren inguruko bidegurutzera iritsiko gara horrela, eta Hernaniko Instituturako bidea hartuko dugu, errepide nagusia zeharkatuta. Bertan aurkituko dugu bidexka bat, zuzenean Santa Barbarako lakura edo putzura eramango gaituena. Institutuaren ezkerraldean aurkituko dugu bide hori, Tellerigain kaleko 35garren atariaren ondoan. Bide ona eta erosoa da izatez, baina azkeneko zatian, eragina izango du azken egunetako eguraldiak: euria gogotik egin badu, litekeena da lokaztuta egotea. Kasu horretan, nahiago izanez gero, ordezko bidea hartu genezake lakura iristeko: Txantxillako errotondan Alberro sagardotegira doan errepidea hartu, eta dena zuzen gorantza, lakuraino.

Askok ezagutu dute lakua edo putzua bertan, Santa Barbarako harrobiaren azpian, betidanik. Izan ere, 45 urte baino gehiago dira putzua sortu zela, baina ez da betidanik egon ura Agerre baserriaren inguru horretan. Hala kontatu zuen Iñaki Sanz-Azkuek, 2021eko Hernaniko Urtekarian idatzi zuen artikuluan. Garai batean, bi dolina zeuden Agerre baserriaren inguruan; inbutu formako bi sakonune. Horietako bat da egungo lakua, ura pilatu baitzen bertan, baina ez kasualitatez: Santa Barbarako harrobia industrialki esplotatzen hasi zirenean, harrobiko hondakinekin betetzen hasi zen dolinetako bat, eta horren azpikaldea iragazgaitz bilakatu zen. Horrela, euri urarekin betetzen joan zen zuloa, egungo putzua edo lakua sortu arte.

Santa Barbarako laku artifiziala, harrobia atzean duela. Harrobiko hondakinen eraginez sortu zen.
 

Lakuari eta harrobiari buruzko solasaldiak amaituta, errepideari jarraituko diogu, beste dolina inguratuz, Agerrera bidean. Baserrira iritsi aurretik hartuko dugu beste bidexka bat eskuinera (Santiago Bideko kartela dauka), eta Elutxetako aldaparen hasieran aterako gara berriro errepidera. Bertatik, pazientziaz igo beharreko 250 metro inguru, aldapa haundia baitauka errepideak. Santa Barbara gotorlekura igotzeko bidegurutzea atzean utzi, eta Arrikarteko lepora iritsiko gara. Toki paregabea, aldaparen ondoren atseden pixka bat hartzeko. Paraje berdeak nonahi, Santa Barbarako ingurune harritsua, eta ia ziur, eskalatzaileak harrian gora.

Hemen elkartuko gara HIU-1 ibilbidearekin, eta ikusiko ditugu marka txuri-urdinak. Bidegurutzean ikusiko ditugu hainbat kartel, eta horietako bi, HIU-1 ibilbideari dagozkionak. Ferratokia eta Koronelarri markatzen dituenari egingo diogu kasu, eta marka txuri-urdinei segika osatuko ditugu hurrengo hiru kilometroak.

Berehala iritsiko gara Illarratzueta baserriko ferratokira. Bidearen ondo-ondoan dago garai bateko ferratokia, seinale batekin markatuta. Eraikuntza txikia da, eta bertan ikus daitezke, oraindik ere, garai batean animaliak geldirik edukitzeko eta haiei ferrak jartzeko erabiltzen zituzten tresnak.

Garai bateko ferratokia, Illarratzueta baserrian. Oraindik ikus daitezke abereei ferrak jartzeko tresnak.
 

Beste aldapa labur bat igota, Lasarte-Oriako hilerrira iritsiko gara. Eskuinerantz jarraitu, eta kanposantuari buelta osoa emango diogu, Hernaniko lurretatik atera gabe. Hilerriaren inguruan dago bi herrien arteko muga gaur egun, baina ez zen horrela garai batean: Saltzate errekak markatzen zuen muga, eta egungo hilerriaren lurrak, Hernaniren parte ziren.

Hilerria atzean utzi, eta aldapa behera jarraituko dugu bidean aurrera, bidegurutze batera iritsi arte. HIU-1 ibilbidearen beste seinale bat ikusiko dugu, Koronelarri markatzen duena; eta erabat biratuko dugu eskuinaldera, berriro ere aldapa gora abiatzeko. Belardi zabal-zabalen artetik eta baserri haundien ondotik pasako gara bidean: Izoztegi, Nagore Enea, Zozperri, Zelaigain, Sarasola Enea... Horrela, baserriz baserri, errepidera iritsiko gara berriro, eta eskuinaldera egingo dugu, marka txuri-urdinei jarraituz oraindik ere.

Galarretara bidean goazela, laster topatuko dugu Koronelarri, errepidearen eskuineko bazterrean. 1970eko hamarkadan aurkitu zuten, eta ezer gutxi dakigu horri buruz. Egindako ikerketen arabera, harriak lotura dauka XVIII. eta XIX. mendeen arteko gerretan hildako ofizial ingles batekin, baina harriak urteetan jasandako erosioaren eta erasoen eraginez, bertan egon zitekeen testurik ere ezin daiteke irakurri.

 

TRANBIA ZENAREN IBILBIDEAN BARRENA, PLAZARA BUELTA

Koronelarritik aurrera jarraitu, eta laster iritsiko gara bihurgune batera. Jauregi jatetxera doan errepidea utzi, eta zuzen jarraitzen duen bidea hartuko dugu, oraingoan ere marka txuri-urdinei kasu eginez, aldapa behera. Tarte batez segiko dugu bide horretatik, baina adi, laster utziko baitugu HIU-1 ibilbidea. Bidegurutze bat topatuko dugu 150 metrora, eta horretan aurrera jarraituko dugu; baina 400 metrora ikusiko dugu beste bat, eta orduan bai, marka txuri-urdinak utzi eta ezkerrera doan bidea hartuko dugu, errepide aldapatsuan behera jarraitu beharrean.

Bidegurutze honetan hartuko dugu ezkerreko bidea, marka txuri-urdinak utzita.
 

Bide horrek laster eramango gaitu, hainbestek ikusi eta hain gutxik zapaldu duten zubi batera: betidanik Puente de Piedra (Harrizko Zubia) deitu diogun horretara. Zubiaren gainetik zeharkatuko dugu errepide nagusia, Galarretatik Hernanira dijoana; eta bidean aurrera jarraituta, Antziolako goiko baserrien (Arrieta, Lore Arte...) ondotik, iritsiko gara Cuesta de la Muertera. Errepidea zeharkatuko dugu bertan, eta aldapa behera abiatu gabe, beste aldeko bidean gora jarraituko dugu, Etxearreaga baserrira iristeko. Udaran, idiak belazean edukitzen dituzte, eta ikusgarriak dira beraien gorputz gihartsuak eta adar luzeak.

'Puente de Piedra' izenez ezaguna den zubia, errepidetik hainbestek ikusi eta hain gutxik zapaldu dutena.
 

Etxearreaga baserriaren ondotik pasa, eta Antziola auzora jaisteko bidea hartuko dugu aurrerago. Bi bidegurutze topatuko ditugu, eta bietan hartuko dugu eskuineko bidea, Antziolako etxe berrienetara iristeko. Auzoa zeharkatu, eta igerileku irekietara doan zubitxoaren gainetik pasako gara.

Plazara bueltako bidea egitea bakarrik geratuko zaigu, baina horrek ere badauka bere xarma. Izan ere, garai bateko tranbiaren ibilbidetik joango gara, Antziolatik Plaza Berrira: Ertzain Etxearen parera igo, errotondan zuzen jarraitu, eta Urbieta kalea oso-osorik zeharkatu, Marielutsetik Plaza Berriraino. 

Plaza Berriren beste aldean, Atzieta kalean, ematen zuen buelta tranbiak, berriro Astigarragara bidean abiatzeko. Guk, aldiz, Andrekalen gora jarraituko dugu, Plazara iritsi eta ibilbidea osatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!