«Etenaldi mugagabea» iragarri du Huntzak, 2024ko otsailetik aurrera

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 24a, 00:00

Datorren urteko otsailaren 3an emango du agurreko kontzertua taldeak, Bilboko Miribillan.

Bere agurra iragarri du Huntza musika taldeak. Hala jakinarazi zuen, atzo goizean, komunikatu baten bitartez: «etenaldi mugagabea» egingo dute, 2024ko otsailetik aurrera. Izan ere, dagoeneko iragarri dute agurreko kontzertuaren eguna eta tokia ere: datorren urteko otsailaren 3an joko dute azkenekoz, iluntzeko 20:00etan Bilboko Miribillan, Azkenekoa balitz bezala izenburupean. Gonbidatu ugari izango dituzte oholtzan lagun.

Bideo baten bitartez eman dute etenaldiaren berri, taldeko sei kideek; tartean, Uxue Amonarriz eta Aitor Huizi hernaniarrek. Agurraren arrazoiak azaldu ditu taldeak: «Ez da erraza izan bidea etengo dugula esatea, baina hori eskatzen digute, bihotzak baino, buruak eta gorputzak. Asko bizi izan dugu elkarrekin. Nork esango zigun horren ederra izango zela Bilboko Alde Zaharrean hasitako bidea, Euskal Herri osoan barrena edota euskera entzuten ez den txoko askotara eraman gaituen bide hau. Eta bidelagun, zuek guztiak. Hori ederrena, edo gehien asebete gaituena. Baina bide orok nekea eragiten du, aldapen gorabehera horretan. Arnasa hartu eta indarberritzeko astia behar dugu orain».

Horregatik, etenaldia egitea erabaki dute, baina desio dute «argiak itzaltzean piztuta jarrai dezala Huntzaren musikak, plaza zein kaleak, tabernak eta gaztetxeak, etxeak eta barrenak dantzan jartzen». Urtebete barru esango dute agur, eta bitartean, azkeneko kontzertu horren izenburuak bezala, «azkena balitz bezala gozatu» nahi du taldeak, geratzen zaien kontzertu bakoitza: «Zuekin guztiokin, eta zuentzat guztiontzat».

Agurreko kontzertu horretarako, sarrerak martxoaren 1ean jarriko dituzte salgai: huntza.eus webgunean eta WeGow plataforman, 10:00etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!