Kalera aterako da Lanbide Heziketa, bere 75garren urteurrena ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 24a, 00:00
Lanbide Heziketako zuzendari, ikasle eta irakasleak, udal ordezkariak eta Ikaslaneko ordezkariak, atzoko ekitaldian.

Eskolak datorren asteazkenean beteko ditu 75 urte, eta ostiralean egingo du festa, herrian zehar. «Beste horrenbeste urte bete ditzagula!», nabarmendu dute.

Ez da nolanahiko urtea izango 2023a, Hernaniko Lanbide Heziketarentzat. Ospakizun giroak hartuko du eskola, eta ez du gutxiago merezi: 75 urte beteko ditu datorren asteazkenean, martxoaren 1ean. Egun horretan jarri zuen martxan, 1948 urtean, Karmelo Labaka apaiz hernaniarrak, EPO izenarekin (Escuela Profesional Obrera).

Hori horrela, hainbat ekintza prestatu dituzte urte osorako, urteurren borobila ospatzeko. Eta horietan aurrenekoa, datorren ostiralean izango da, martxoaren 3an: festa egingo dute ikasle eta irakasleek, herrian zehar. Izan ere, «herrira atera» nahi izan dute ospakizuna Lanbide Heziketak, eta gune desberdinetan egingo dituzte ekintzak: kiroldegian, Atsegindegin, kaleetan barrena...

Hala aurkeztu zuten atzo Ainitze Blanco zuzendariak, Nahia Cuevas ikasleak eta Ibon Apezetxea irakasleak, Oier Agirresarobe hezkuntza zinegotzia eta Kepa Altube Ikaslaneko koordinatzailea ondoan zituztela. Eskolako ikasleek eta irakasleek bete zuten aretoa, aurkezpen ekitaldian.

Urteurreneko bideoa, aurreneko promoziokoekin

Bideo berezi batekin eman zioten hasiera ekitaldiari: 75garren urteurrenari eskainitako ikusentzunezkoa prestatu dute, eta bertan ageri dira, besteak beste, Martin Zugasti, Eusebio Muñoa eta Juan Mari Navarro, 1948ko aurreneko promozio hartako ikasleak. Garai batean El Ideal zinema zegoen eraikinean hasi ziren, Urbieta kalean: «Egungoarekin konparatuta, oso pobrea zen eraikin hura. Guk jarri genuen dena, ez baitzegoen ezer. Tornu txiki bat ekarri ziguten, eta tornuaren pieza guztien kopiak egin genituen. Horrela, beste bost tornu egin genituen guk».

Eskolak 15 ikasle izan zituen hasieran, baina berehala geratu zen eraikina txiki, eta 1962an mugitu ziren egungo eraikinera, ikasle kopuru nabarmen haundiagoa hartuz eta arlo gehiagotako ikasketak eskainiz.

 

Ekintza ugari, datorren astetik aurrera

Bideoa aurkeztu ondoren, urte osorako prestatu dituzten ospa­kizunen berri eman zuten esko­lako ordezkariek. Datorren ostiralean egingo dute festa, eta goizeko 08:15etan emango diote hasiera, txalaparta doinuekin eta agurrarekin, ikastetxeko sa­rreran. Ondoren, herri osora zabalduko dituzte ekintzak. Hasteko, futbol partiduak jokatuko dituzte kiroldegian, 09:00etatik 11:00etara. Segidan, hamaiketakoa egingo dute kiroldegian bertan, 11:15etatik 12:00etara; eta bertatik abiatuko dira txarangarekin kalejiran, herrian barrena. Eguerdian egingo dute ginkana ere, kiroldegian hasi eta herrian zehar. Eta 13:15etatik aurrera, hainbat jarduera izango dira Atsegindegin: billarra, futbolina, putchinga, fotomatoia...

Bazkari batekin borobilduko dute hori guztia, Atsegindegin, 14:30etatik aurrera; eta musika ere ez da faltako bertan, DJ Mikeltxiren eskutik.

Festa egunaren aurretik, erakusketa inauguratuko dute Biterin: otsailaren 28tik martxoaren 3ra egon­­go ikusgai, eskolaren ibilbidea jasotzen duen erakusketa.
Udabe­rrian zehar izango dira hurrengo hitzorduak, eta ekitaldi kulturalak dira prestatu dituztenak. Oraindik datak zehaztu ez dituzten arren, Hernaniko Musika Bandaren kontzertu bat antolatuko dute, Tio Teronen Semeak taldearen ikuskizuna ere ekarriko dute, eta Goiz Eguzkiko abesbatzaren emanaldi bat ere izango da, besteak beste.

Kulturaz blai bukatuko dute ikasturte hau, eta ekitaldi instituzional batekin hasiko dute hurrengoa. Urriaren hasieran egingo dute hori, eta denetik izango da: eskola berrituaren erakusketa; eskolaren ibilbidea eta historia lotzen dituzten argazki eta lanen erakusketa; txalaparta eta bertsolaritza uztartzen dituen emanaldi bat, ikasle ohien eskutik; aitortza ekitaldia, enpresa eta erakundeen eskutik; eta hamaiketakoa, ekitaldia borobiltzeko.
Eta azkenik, urriaren bukaeran, eskolaren historia jasotzen duen liburuxka aurkeztuko dute; eta egun berean, bazkaria ere egingo dute, ikasle eta irakasle ohiek eta egungoek elkarrekin.

«75 urte hauek horren ondo eta gustura bete ditugun bezala, gutxienez beste horrenbeste bete ditzagula!», adierazi zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!