Huntza taldeak «etenaldi mugagabea» egingo du bere ibilbidean

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 23a, 09:24

Aitor Huizi eta Uxue Amonarriz, Huntza taldeko kide hernaniarrak.

Bere agurra iragarri du taldeak, eta 2024ko otsailaren 3an eskainiko du azkeneko kontzertua, Bilboko Miribillan: 'Azkena balitz bezala'.

«Etenaldi mugagabea» iragarri du Huntza taldeak. Hala jakinarazi du gaur goizean, komunikatu baten bitartez: «Ez da erraza bidea etengo dugula esatea, baina hori eskatzen digute, bihotzak baino, buruak eta gorputzak». Taldeko kide dira Uxue Amonarriz eta Aitor Huizi hernaniarrak.

Dagoeneko jakinarazi dute, noiz eta non eskainiko duten agurreko kontzertua: Bilboko Miribillan izango da, 2024ko otsailaren 3an, 'Azkenekoa balitz bezala' izenburupean. Izan ere, horrela «gozatu» nahi dute geratzen zaien «kontzertu bakoitza», azkena balitz bezala: «Zuekin guztiokin, eta zuentzat guztiontzat».

Honela azaldu du bere etenaldia, Huntza taldeak: «Asko bizi izan dugu elkarrekin. Nork esango zigun horren ederra izango zela Bilboko Alde Zaharrean hasitako bidea, Euskal Herri osoan barrena edota euskara entzuten ez den txoko askotara eraman gaituen bide hau. Eta bidelagun, zuek guztiak. Hori ederrena, edo gehien asebete gaituena. Baina bide orok nekea ere eragiten du, aldapen gorabehera horretan. Arnasa hartu eta indarberritzeko astia behar dugu orain. Argiak itzaltzean piztuta jarrai dezala Huntzaren musikak, plaza zein kaleak, tabernak eta gaztetxeak, etxeak eta barrenak dantzan jartzen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!