Hondakinak biltzeko edukiontziak ekarri ditu gogora, EAJk

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 23a, 00:00

Alderdi jeltzaleak adierazi du edukiontziekin biltzeak kostu gutxiago duela: «Ez dago arazo teknikorik edo ekonomikorik, hondakinak atez ateko sistemarekin biltzeko».

Hernaniko Udalak Europako Zero Zabor ziurtagiria jaso berri du, eta horren harira, bere iritzia plazaratu nahi izan du Hernaniko EAJ-PNVk. Honako galdera luzatu du Andoni Amonarraiz bozeramaileak: «Zergatik ematen diote Hernaniri Europako Zero Zabor ziurtagiria eta ez Beasaini, Ordiziari, Atauni edo Olaberriari, emaitza hobeak badituzte?». Bere galderari erantzun dio Amonarraizek berak: «Atez atekoa ez da hondakinak biltzeko sistema zikin, garesti eta deseroso bat soilik; batez ere, helburu politiko bat da, hernaniarrak engainatuta eduki nahi dituena».

Alderdi jeltzaleko bozeramaileak, herritarren eskura dauden datuak gogorarazi ditu: «Prentsa ohar honek jasotzen duen koadroan argi ikusten da, hondakinak edukiontziekin biltzeko sistema duten udalerriek Hernanik baino emaitza hobeak lortzen dituztela. Gainera, edukiontziekin biltzea gutxiago kostatzen da. Ez dago arrazoi tekniko edo ekonomikorik hondakinak atez ateko sistemarekin biltzeko. Hernanin EH Bilduk dioena egiten dela argi utzi nahi diegu hernaniar guztiei. Helburua politikoa dela, alegia».

Era berean, ondorengoa ere azpimarratu du EAJk: «Aitorpen hori ematen duen kolektiboak Europako Zero Zabor ziurtagiriarekin saritu zaitzan, lehenik eta behin bertako kide izan behar duzu, eta sarrera-kuota bat eta urteko kuota bat ordaindu. Bigarren fasean, suposatzen dugu datuak ere kontuan izango direla».

Azkenik, bozeramaile jeltzale­ak nabarmendu du emaitza berdinak ematen dituzten bi sistema daudenean, lehentasuna eman beharko litzaiokeela kostuari: «Ez dugu arazorik hondakinak sistema batekin edo bestearekin biltzeko; emaitza onenak lortzea eta kostu ekonomiko txikiena izatea besterik ez dugu nahi. Kargu publikook diru publikoa ondo kudeatzeko eta hernaniarren interesak gure helburu alderdikoien aurretik jartzeko gaude». Prentsa oharrarekin batera, EAJk 2021 urteko hondakin bilketaren inguruko datuak elkarbanatu ditu.

Herria

Bilketa sistena

% birziklapena

% errefusa

Hernani

Atez ate

75

25

Beasain

Edukiontzia

76,8

23,2

Ordizia

Edukiontzia

78,1

21,9

Zegama

Edukiontzia

84,6

15,4

Ataun

Edukiontziak eta erredusa, Atez ate

83,3

16,2

Olaberria

Edukiontzia

86,1

13,9

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!