Poesia bisuala, zuzeneko musika eta mugimendua oinarri, etzi, 'Univers' haur antzerkiarekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 23a, 00:00

Engruna Teatrek ekarriko du Univers antzezlana. Argazkia: Engruna Teatre

Bi saio eskainiko ditu Engruna Teatrek, Biterin: aurrenekoa goizeko 11:00etan; eta bigarrena eguerdiko 12:30etan. Sarrera 3,5 euro dira.

Engruna Teatrek Univers antzezlana oholtzaratuko du, etzi, Biterin. Bi saio eskainiko ditu: aurrenekoa goizeko 11:00etan, eta bigarrena eguerdiko 12:30etan. Mireia Fernándezek zuzendutako antzezlan hau haurtxoentzako zentzumenezko esperientzia lan bat da, poesia bisuala, zuzeneko musika eta mugimendua oinarri dituena: «Nahasten, mugitzen, eta berriz ere, antolatzen diren pertsonak, objektuak. Haunditasunaren barruan, oreka eta harmonia aurkitzen dutenak. Kaosaren erdian leku eta une zehatz bat bilatzen dutenak. Kosmos honetako bizilagun bakoitza, soinu bakoitza, mugimendu bakoitza, gainerakoekiko harreman hauskorrari lotzen zaio. Univers gure zaurgarritasunarekin eta egoera berrietara egokitzeko dugun gaitasunarekin elkarbizitzeko espazioa da. Gauzarik txikienak beste guztia alda dezakeela arakatzeko lekua da», azaldu dute. 

Sarrerak 3,5 euroan daude salgai dagoeneko, Biteriko leiha­tilan bertan edota kultura.hernani.eus webgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!