'Berdintasuna enpresetan' saioa antolatu du Beterri Saretuzek, biharko

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 21a, 00:00
Entzute metodologiari buruzko saioa, Iturolan. Argazkia: Bira produkzioak.

Biharko saioan parte hartzeko izena eman behar da, esteka honetan sartuta: www.beterrisaretuz.eus

Beterri-Buruntza eskualdeko enpresa, erakunde eta eragileei begira antolatutako bigarren formazio zikloa egingo du Beterri Saretuz egitasmoak, Hernaniko Iturola Elkarlan Sorgunean. Landuko den gaia Berdintasuna Enpresetan izango da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu duen ziklo honek, bi saio izango ditu; aurrenekoa bihar izango da, goizeko 11:00etatik 13:00etara. 

Saio hauetan landuko dute genero berdintasuna enpresetan praktikan nola garatu eta genero adierazleei begira jarriko dira horretarako: «zer izaten dugu kontuan eta zein ezaugarri gehiagori begiratu beharko genioke?».

Parte hartzaileek, lehenik informazioa jasoko dute genero berdintasuna lantzeko baliabideen inguruan, besteak beste, Berdintasun Diagnostikoak eta Berdintasun Plazan, araudiak eta prozedurak. Eta ondoren, parte hartzaileek hausnarketarako tarte bat izango dute, berdintasun plan batetik harago egin daitezkeenaz hitz egiteko. Saioa gidatzen izango dira Elhuyar Fundazioko eta Hiruki Larroxa kooperatibako kideak.

Lehen saioaren ostean, berdintasun prozesuak garatzeko bidelaguntza izateko aukera zabalduko du sareak, hala eskatzen duten kooperatibei, enpresei eta proiektuei. Azkenik, zikloa ixteko bigarren saio bat egiteko asmoa dutela diote antolatzaileek.

Izena emateko epea zabalik dago oraindik, eta Beterri Saretuzen webgunean aurkitu daiteke informazio guztia. Otsaila eta martxoa bitartean hiru formazio egingo dituzte: lehenengoa Entzute Metodologiaz izan zen, bigarrena Berdintasunaren ingurukoa, eta azkenekoa Ingurumena enpresa iraunkortasunaren «parte» izena darama. 

Beterri Saretuz egitasmoa 2019an jarri zen martxan, balio eraldatzailetan oinarrituriko eskualdeko ekosistema enpresarial bat sortzeko helburuz, «eta geroztik halako hainbat saio, hitzaldi eta ekimen egin ditu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!