Enara Maciciorrek eta Ane Kerejetak beste garaipen bat, EH Irekian

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 21a, 00:00

Enara Macicior, pelota astintzeko prest, Ane Kerejeta adi begira duela.

30-6 nagusitu ziren larunbatean, Intxurreko Iturriotzen eta Karreraren kontra. Lider daude 
A multzoan, bigarren mailako txapelketan.

Maila paregabean jarraitzen dute Enara Macicior eta Ane Kerejeta hernaniarrek, eta hirugarren garaipena lortu zuten larunbatean, Euskal Herriko Irekia Txapelketan. Hernanin zeukaten hitzordua, Intxurreko Maddi Iturriotzen eta Oneka Karreraren kontra; eta erabat nagusitu ziren hernaniarrak: 30-6 irabazi zuten.

Hori horrela, A multzoko lider dira bigarren mailako txapelketan, Gure Larraun taldearekin batera. Hain juxtu, datorren asteburuan ariko dira bi taldeak elkarren kontra, eta irabazleak bukatuko du ligaxka lider, ia ziur.

Maila berean, galdu egin zuten Joana Tolaretxipi eta Irati Miner hernaniarrek, larunbatean Hernanin bertan, Gure Pilotako Olaia Eizagirreren eta Ane Escalaren kontra (19-30). Hirugarren daude B multzoan, eta jokatzeko partidu bakarra falta dutenean, oso zaila daukate aurrera egitea.

Hirugarren mailan ere, porrota jaso zuten Irati Saralegi eta Irati Olveira astigartarrek, larunbatean Elorrion. Hori Hori taldeko Inunciaga eta Berrueta nagusitu zitzaizkien (30-13). Hori horrela, jokatutako bi partiduak galduta, ia aukerarik gabe daude hurrengo fasera sailkatzeko.

Beste partidu bat ere jokatu zuten astigartarrek ostiralean, Udaberri Txapelketakoa; eta 7-30 galdu zuten, Txulobiko Aranbururen eta Navarroren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!