Hernanik lidertza galdu du Amaikak Baten kontra porrota jaso ondoren

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 21a, 00:00

Hernaniar jubenilak gola ospatzen.

Añorga igo da lehenengo postura, hernaniarrekin 41 puntura berdindu 
eta gero.

Ohorezko Erregional mailan, Hernaniko mutilek 2-0 galdu zuten Amaikak Bat taldearen aurka, eta porrot honen ondorioz, lidertza galdu du. Añorgak 4-0 irabazi zuen Mondragonen kontra eta orain bi taldeak berdinduta daude sailkapenean, 41 punturekin. Hala ere, donostiarrak dira lider, gol diferentzia hobea dutelako. Hernanik azken jardunaldietan zuen abantaila galdu du atzetik datozen taldeekiko. Orain lehenengo lau taldeak hiru punturen marjenarekin daude sailkapenean.

Debarrek hernaniarren jokoa gainditu zuten eta partidua merezita irabazi zuten. Hernanik 2023an zazpi partidu jokatu ditu eta bitan lortu du garaipena, beste bi aldiz berdindu egin du eta larunbatekoa hirugarren porrota izan da. Azken sei jardunaldietan garaipen bakarra lortu du, eta sailkapenean zeukan abantaila osoa galdu du. Ahalik eta azkarren, garaipenaren bidera itzultzen saiatuko da Munduateren taldea.

 

Jubenilek bana berdindu dute

Asteburuan bi partidu jokatu dira, eta bigarrena Hernaniko Liga Nazionaleko mutil jubenilena izan zen. Zubipen, Hernanik eta Aurrera Vitoriak neurtu zituzten indarrak, eta banako berdinketa lortu zuten. 

Gasteiztarrek bost garaipen jarraian zeramazkiten, eta Hernanin moztu zen bolada. Hernanik erdiraketa batean lortu zuen bere gola. Puntu bat gehiagorekin, sailkapenaren erdian dago kokatuta taldea, inongo arazorik gabe. Sendo jarraitzen du, eta denboraldi ona ari da osatzen. Datorren astean Zarautzen jokatuko dute, 29 punturekin berdinduta dagoen taldearen aurka. Talde asko daude puntu gutxitan eta oso maila antzekoa daukate guztiek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!