Euskal Ligan Hernaniko mutilek garaipena lortu zuten larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 21a, 00:00

Defentsa bikaina erakutsi zuen Hernanik.

2023ko lehenengo garaipena lortu zuten, Navarmutilak taldeari 3-0 irabazita, Hernaniko kiroldegian.

Ia bi hilabete oso itxaron behar izan dira 2023ko Hernaniren lehen garaipena ikusteko Euskal Ligan, mutilen mailan. Azkenean, larunbatean iritsi zen estreinaldia Navarmutilak talde nafarraren aurka, 3-0 irabazi ondoren.

Talde nafarrak ezer gutxi erakutsi zuen kantxan, etxekoak beldurtzeko, eta horrela lehen unetik Hernanik partidua kontrolpean izan zuen. Lehen bi jokoetan jaun eta jabe izan ziren hernaniarrak. Honela 25-17 eta 25-13 irabazita 2-0 aurreratu ziren markagailuan. 

Hirugarren jokoan bisitariak saiatu ziren partidua luzatzen eta Hernaniren partidua ixteko ahalegina zapuzten, baina ez zuten lortu. Joko berdinduagoa izan zen arren, azken markagailua joko honetan 25-21 izan zen hernaniarren alde. 

Beraz, 3-0ko emaitzarekin, garaipena eta puntuak etxean geratu ziren. Lesioak eta beste baldintza batzuk atzean uztea da taldearen helburua eta aurrerantzean emaitza onak lortzeko aukera izango du geratzen diren partiduetan.

Hernanik orain bost garaipen eta zortzi porrota ditu sailkapenean eta zortzigarren dago kokatuta. Hala ere, Bera Bera Bultz baino bi partidu gutxiago ditu eta lau puntura dago. Asteburu honetan Udapa Jatorkide jubenil taldearen aurka jokatuko du Hernanik.

Aste honetan beste partidu bat ere jokatu dute hernaniar taldeek. Kadete neska mailan bere egunean atzeratu zen, Udarregi Usurbil eta Hernani 2 izan ziren aurrez aurre Usurbilen. Hernaniarrak 0-3 irabazi zuten eta horrela ligako partidu guztiak irabazi dituzte oraingoz. Hernani 2 taldea sendo dabil eta txapelketa irabazteko hautagaiak dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!