Martxoaren 15ean iritsiko da Biterira, Laburbira zirkuituaren edizio borobila

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 20a, 00:00
Jose Ramon Soroiz, Iñake Irastorza eta Miren Arrieta, 'Muskil' filmeko aktoreak.

20garren edizioa du aurtengoa. 32 herritan egingo du geldialdia; tartean Hernanin, Doberaren eskutik.

Edizio borobila du Laburbirak, euskerazko film laburren zirkuitu ibiltariak. 20garrenez antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak, eta martxoaren 7an abiatuta, 32 herritan egingo du geldialdia. Horietako bat, ohi bezala eta hutsik egin gabe, Hernanin izango da, Dobera Euskara Elkartearen eskutik. Martxoaren 15ean izango da aurtengo film laburren emanaldia, arratsaldeko 19:00etan hasita, Biterin.

Zazpi film laburrek osatzen dute aurtengo sorta, eta horietako askok, dagoeneko ibilbide oparoa egin dute nazioarteko zine jaialdietan. Honakoak dira zazpi filmak: Olatuen isiltasuna (Maria Bartolome, Erik Campos eta Fernando Martin), Kameratoia lehiaketaren lan irabazlea; Muskil (Marina Perosanz); Koadro goriari heldu (Iulen Arana); Irrits (Maider Oleaga); Asko falta da? (Ane Cuesta); Erlojupekoa (Leire Egaña); eta Hitzak (Josu Martinez). «Gaur egungo euskal zinemagintzaren erakusgarri aparta da aurtengo sorta, eta edukiz zein estiloz denetariko lanez osatuta dagoenez, euskal sortzaileen lanetaz gozatzeko aukera emango die herritarrei», nabarmendu du Topaguneak.

Gainera, azaldu du 28 lan aurkeztu direla aurtengo Laburbirara, eta horrek erakusten duela «urtez urte sendotzen» ari dela film laburren zirkuitua.

Hautatutako zazpi filmekin, 80 minutu inguruko emanaldia eskainiko dute herri bakoitzean, eta kasu batzuetan, solasaldia ere egingo dute, filmetako zuzendariekin. Aurreneko emanaldia Irunen izango da, martxoaren 7an; eta azkenekoa Aretxabaletan, apirilaren 4an. Egutegi osoa ikusgai dago Laburbiraren webgunean (irudienea.topagunea.eus/egitasmoak/laburbira), eta bertan aurkitu daiteke film bakoitzari buruzko informazioa ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!