Espero baino gehiago kostata nagusitu zaio Hernani La Unicari

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 19a, 00:00

Mikel Legarra hernaniarra, La Unicako jokalari batekin lehian, atzo.

Trikoloreek 40-20 menderatu zuten talde nafarra, baina atzetik ziren markagailuan, ordu erdi falta zela.

Garaipena, bost puntu eta A multzoko txapeldun izateko aukera gertuago. Beste pauso bat eman zuen Hernanik atzo, igoera fasera sailkatu ez diren taldeen artean onena dela ziurtatzeko. 40-20 nagusitu zitzaion La Unicari, baina espero baino gehiago kostata. Trikoloreek bere nagusitasuna erakutsi zuten hainbat momentutan, bereziki partidua zaildu zitzaienean; eta ezinean aritu ziren beste zenbait unetan.

Hasi eta berehala lortu zuen aurreneko entsaioa Anartz Elosegik, Beñat Arizetak transformatu zuena; eta biek errepikatu zuten 22garren minutuan (14-3). Zigor kolpe batekin lortu zituzten ordura arteko puntu bakarrak nafarrek, baina atsedenaldira joan aurretik, beste zigor kolpe bat eta zigor entsaio bat eskuratu zituzten, aldea puntu bakarrera murriztuz (14-13).

Egoera gehiago okertu zen bigarren zatiaren hasieran, La Unicak beste zigor entsaio bat lortu (14-20) eta epaileak Beñat Arizeta 10 minutuz kaleratu zuenean. Unerik zailenean atera zuen bere maila onena Hernanik, ordea; eta jaun eta jabe izan zen azkeneko ordu erdian. Entsaio bana lortu zuten Ekaitz Arrozpidek, Iker Carbajok, Jokin Garciak eta Anartz Elosegik; eta horietatik hiru transformatu zituen Arizetak.

Azkenean, sustoak susto, beste garaipen bat lortu zuten trikoloreek, erasoko bonus eta guzti. Hiru partidu falta direnean, Hernanik ia matematikoki ziurtatua dauka txapeldun izatea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!