Legegintzaldian egindako lanaren berri eman du alderdi sozialistak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 18a, 00:00

«Hernaniarren bizitza hobetzen saiatu gara».

Legegintzaldiko 4 urte hauetako balantzea positiboa egin dela dio PSE-EEk.

Hernaniko alderdi sozialistak aldizkari bat postontziratu du legegintzaldi honetan egindako lanekin, eta ondorengoa gaineratu dute: «Gure herriaren alde lan egin dugu, herritarrentzat baliagarriak eta gauzagarriak direla uste dugun proposamenak aurkeztuz. Udal-ahalamena gainditzen duten eztabaida politikoak ahaztuta».

Aldizkarian islatzen den bezala, udal talde sozialistak proposamen ezberdinak aurkeztu ditu, guztiak Hernaniko egoeran eragina dutenak. Horien artean Elorrabiko zubia haunditu eta ibilgailuak igarotzeko moduan jartzea, Osiñagan eroritako zubi esekia ordezkatzea, SMS bidezko alerta-zerbitzua sortzea larrialdietarako, Hernaniko hainbat gunetan aparkaleku gehiago sortzea, Kaxkoan zuntz optikoaren zerbitzua hobetzea eta patinete elektrikoen zirkulazioari buruzko ordenantza bat idaztea.

Ricardo Crespo bozeramaile sozialistak adierazi du beste proposamen batzuk ere lortu direla; hala nola, kiroldegiko autobus geltokia haunditzea, Correosen bulegoa arratsaldeetan irekitzea eta herriko autobus zerbitzua hobetzea.

Alderdi sozialistak, halaber, udaletik oraindik zintzilik dauden gaiak gogorarazi nahi ditu: «Portu eta Karabel arteko bidea, Urumea eraikina eraistea, Landareko eta Zubipeko uholde arazoak konpontzea, Hernaniko zaratari buruzko azterlanaren jarduketa eta Goiz Eguzki eta beste eraikin publiko batzuk mantentzeko lanak». 

PSE-EEk gogoratu du legealdiko 4 urte hauetan EH Bilduk proposatutako zerga igoeraren aurka agertu direla: «Hauek izoztea defendatu dugu, beste erakunde batzuek egiten dizkiguten diru sarrerak nabarmen igo direlako».

Edonola ere, alderdi sozialistak balantze positiboa egin du legegintzaldiko 4 urte hauetan egin duten lanagatik: «Hernaniarren bizitza hobetzen saiatu gara».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!