Kolonbiako bake prozesuari buruzko hitzaldia, Kulturarteko Plaza Feministan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 18a, 00:00
Kulturarteko Plaza Feministan izango dira saioak.

Hernani munduari begira zikloaren barrenean, David Triana Gómezek eskainiko du, ostailaren 23an, «erabateko bakeraren» politika eta bake prozesuari buruzko hitzaldia. 19:00tan hasiko da, Kulturarteko Plaza Feministan.

Datorren ostegunean, otsailaren 23an, Kolonbiako bake prozesuari buruzko hitzaldia eskainiko dute Kulturarteko Plaza Feministan. Hernani munduari begira zikloaren barnean dagoen hitzaldia da, eta David Triana Gómez izango da hizlaria. Bake prozesuen ikerlaria eta Habanako elkarrizketetako aholkulari ohia da Triana, eta Kolonbiako bake prozesuari eta «erabateko bakearen» politikari buruz hitz egingo du: «Erabateko bakearen politikak anbizio haundiko plan bat aurkezten du azken hamarkadetan Kolonbia astindu duen indarkeria-zikloa amaitzeko eta horren berri emango du Triana Lopezek».

Gizarte mugimenduetan gaztetatik hartu du parte Triana Lopezek. 14 urte zituenean barneratu zen mugimendu horietan, eta bide horretatik garatu ditu karrera profesionala eta akademikoa. Armagabetze, desmobilizazio eta berrintegrazio prozesuak landu ditu, eta indarkeria politikoa ere gertutik jarraitu du.  Habanako FARC-EPen bake ordezkaritzako aholkularia izan zen. 

Une honetan Peace Research Institute Oslo erakundean ikerketa-laguntzaile gisa lan egiten du, eta zenbait ikerketetan dabil buru-belarri: DDR prozesuak maila globalean, gatazken errepikapena ulertzeko; Kolonbiako lurralde-indarkeriaren dinamikak; eta Kolonbiako bakearen eszenatokiak eta erronkak, besteak beste. Horrez gain, J.A. Freytter Romero elkarteko eta Bake Akordioen gaiari buruzko aholkulari-taldeko ikertzaile eta aholkularia ere bada. Jakintza guzti hauetatik abiatuta osatuko du osteguneko hitzaldia. 

 

Zikloaren jarraipena 
martxoaren 2an

Martxoaren 2an Ekofeminismoa eta giza eskubideak. Kolonbiako Caribe eskualdeko biktimei bidelaguntza hitzaldia eskainiko du Luz Estrella Romero Villalbak, Kolonbiako Karibe eskualdeko giza eskubideen defendatzaile ekofeministak.

Ofizioz abokatua da Romero, eta Colectivo de Mujeres al Derecho (COLEMAD) erakunde ere sortu zuen: «Erakunde horrek auzitegietan erakutsi du Kolonbian indarkeria armatuaren bidez ez ezik, legeen eta auzitegien bidez ere kendu dizkiotela lurrak nekazariei». Prozesu horiek genero ikuspegitik aztertzeaz gain, emakume nekazarien errealitateak ezagutu eta lurren desjabetzeetan euren eskubideak judizialki defendatzen jardun du ia hogeita hamar urtez. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!