Gazte eta beteranoen arteko partiduak, gaur

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 18a, 00:00

Zarkumendegin daude iragarrita 11:00etatik aurrera eta 13:30etan espero da finala jokatzea.

Egun berezia antolatu da gaur Zarkumendegin. Giro ederrean goiza kirola egiten pasako dute astigartar askok antolatu den futbol 7 txapelketan. Zarkumendegin jokatuko da torneoa eta Astigarragako gazteak eta mundarroko jokalari ohiak izango dira protagonista.

Sei talde osatuko dituzte batzuen eta besteen artean eta bi multzotan banatuko dira. Ondoren ligaxka jokatuko dute, talde bakoitzak bi partidu, eta ligaxkako sailkapenaren arabera finalerdiak eta finalak jokatuko dira. Beraz, ligaxkan talde bakarra izango da kanporatua. Lehenengo sailkatuak beste multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du finalerdia eta irabazleak finalera sailkatuko dira eta galtzaileek hirugarren eta laugarren postua izango dute jokoan. 

Txapelketaren hasiera 11:00etan dago iragarrita eta 13:30etarako torneoa amaitzea aurreikusten da. Giro ezinhobea espero da, baina seguru pikerik ez dela faltako. Hala ere, txapelketa amaitu eta gero, ondorengo bazkarian eta parrandan, urduritasunak baretuko dituzte.

Txapelketa herrikoia da eta garrantzitsua ongi pasatzea da, emaitzaren gainetik. Garai bateko abilezia ikusiko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!