Barrenetxeak partidu erabakiorretan Ansa garaitzen jarraitu nahi du Mastersa irabazteko

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 18a, 00:00

Endika Barrenetxea eta imanol Ansa material aukeraketan

Bien arteko azken sei partiduetan hiruna partidu irabazi dituzte, baina final eta finalerdietan lortu du garaipena hernaniarrak. Gaur 16:30etan hasiko da buruz buruko finala Galarretan.

Barrenetxea IV.ak eta Ansa II.ak Kutxabank Masters finala jokatuko dute gaur, 16:30etatik aurrera Galarretan. Masters txapelketaren 13garren finala izango da eta pasa den urteko bi protagonista berberak ariko dira elkarren aurka. Barrenetxeak Masterseko bi txapela ditu (2020 eta 2022) eta hirugarrena nahi du lortu. Ansarentzat lehenengo txapela izango litzateke garaipena lortzen baldin badu.

Masters Txapelketa 2011n hasi zen jokatzen eta Ezkurra (2011, 2012), Urriza (2013, 2014, 2017, 2018, 2019, 2021), Uterga (2015, 2016) eta Barrenetxea (2020, 2022) izan dira txapela jantzi duten lau erremontistak. 

Aurreko astean bien arteko norgehiagoka izan zen, ligaxkaren azken jardunaldian. Ansak 24-30 lortu zuen garaipena, baina ez zegoen gauza haundirik jokoan. Hori da bien arteko azken partiduetan gertatu dena. 2021etik orain arte sei partidutan izan dira aurkari buruz buru. Bakoitzak hiruna partidutan gainditu du albokoa, baina Barrenetxearen garaipen denak finalerdi eta finaletan izan dira eta Ansarenak ordea jokoan ezer gutxi zegoen partiduetan.

Buruz burukoa, 2021ean, ligaxkan, Ansak 28-30 irabazi zuen eta egun batzuk geroago Barrenetxeak finalerako sailkapena lortu zuen 30-23. Hurrengo partidua, 2022ko Masters finala izan zen. Barrenetxea izan zen berriz ere garaile, 30-22. 

2022ko Buruz burukoan, historia berdina errepikatu zen. Ansak lortu zuen garaipena ligaxkan 23-30 eta finalerdian berriz Barrenetxeak gainditu zuen urnietarra 30-23. Bien arteko azken partidua lehen aipatutako pasa den larunbatekoa izan zen. Hori horrela, Ansak eta Barrenetxeak hirunako berdinketa hori apurtu nahi dute eta urnietarrak partidu erabakior batean lehenengo txapela bilatuko du.

 

Pelota biziagoak hernaniarrak eta motelagoak urnietarrak

Pasa den ostegunean materiala aukeratu zuten. Ansak pelota motelagoagoak aukeratu zituen, peloteoa bultzatzeko. Barrenetxeak berriz, pelota biziagoak aukeratu zituen, saketik min egiteko. 

Ligaxkan hernaniarrak ez zuen saketik min haundiegirik egin, ez behintzat Ansa baino gehiago. Honelako partidu garrantzitsu gehiago jokatu ditu atzelariak eta horrek faborito izaera eskaintzen dio. Ansak urduritasuna baretzen badu oso arriskutsua bihurtzen da. Indar haundiko erremontista da eta bere pelotakada bizia da. Errebotean ongi aritu zen ligaxkan eta horrek konfidantza emango dio. Barrenetxeak ez zuen asmatu ezker pareta ukitzen eta jokaldi hori hobetu beharra du.

Ansa prest egon arren, oraindik ez zaio heldu txapelik, eta horrek urduritasuna gehitzea ekarri diezaioke. Txapelen borrokan dabil, nahiz eta oraindik ez duen lortu. Gaurkoa izan daiteke aukera ona, hori bai aurretik Barrenetxea bezalako txapeldun bat gainditu beharko du. Hernaniarrak buruz buruko txapelketa nagusiko bi txapel ditu eta Masters txapelketako beste bi. Gaurkoa bosgarrena litzateke. Partidua zuzenean eskainiko du ETBk.

Jaialdia, 15:30etan hasiko da eta finala jaialdiko bigarrena izango da. Aurretik, Segurola eta Larrañaga binakakoaren txapeldunek Urriza eta Apezetxearen aurka jokatuko dute. Atzelari goizuetarrarentzat aukera ona da goi mailako erremontistekin neurtzeko. 30 tantora izango da. Jaialdiko hirugarren partiduan, Goikoetxea eta Labaka, Loitegi eta Martirenaren kontra ariko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!