Bertsio onena erakutsi beharko du Hernanik lehenengo postuari eusteko

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 18a, 00:00

Hiru puntuak eskuratzea komeni zaio Hernaniri, lehen postuari sendo eusteko.

Amaikak Baten zelaian jokatuko dute, gaur, 12:00etatik aurrera. Nazionalak Aurrera de Vitoria jasoko du. 

Estu daude kontuak gizonezkoen Erregional Ohorezko mailan. Nahi baino irregularrago hasi du urtea Hernanik, eta lehenengo postuari eutsi dion arren, oso gertu dauzka Eibar eta Añorga. 

Etxetik kanpo jokatuko dute gaur Unai Munduateren mutilek, Amaikak Bat taldearen aurka. Debako taldea seigarren postuan dago, eta 2023an jokatutako sei partiduetan hiru garaipen, bi berdinketa eta porrot bat jaso ditu. Hernanik, aldiz, jarraikortasuna lortzeko mugarri bat jarri nahi du gaur irabazita. Urte honetan bi garaipen, bi berdinketa eta bi porrot jaso dituzte berdeek. 

Sailkapenean 3 puntu exkaxen bueltan daude lehenengo postuak. Hernani da liderra, 41 punturekin; Eibar bigarrena 39 punturekin; eta Añorga hirugarrena 38 punturekin. Gainera, sailkapenaren behealdean dauden taldeen kontra jokatuko dute Eibarrek eta Añorgak. Etxean jokatuko dute biek ala biek, Aretxabaletaren aurka eibartarrek eta Arrasateren kontra donostiarrek. 

Garrantzitsua da hernaniarrentzat puntuak hirunaka gehitzen joatea, lehenengo postua mantendu ahal izateko. 

 

Pareko aurkari baten bisita jasoko du Nazionalak

Ondo hasi zuen urtea Hernaniko Jubenil Nazional mailako taldeak, baina partiduak korapilatu zaizkie azken jardunaldietan. Bi porrot eta berdinketa bat eskuratu dituzte azken hiru partiduetan, eta sailkapenaren eremu epelean daude; hamargarren postuan. 

Aukera ona izango dute gaur, paretsu dabilen aurkari baten kontra. Eguerdiko 12:00etan Aurrera de Vitoria talde gasteiztarraren bisita jasoko dute berdeek. Hamabigarren postuan daude arabarrak, baina dinamika guztiz desberdinean iritsiko dira Zubipera, azken lau partiduak irabazi baitituzte. 

Hernaniren helburua hiru puntuak etxean mantentzea izango da, dinamika onean sartu eta sentsazioak hobetzen joateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!