Oloroeko jardunaldian hizlari izango da Beñi Agirre, larunbat honetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 17a, 00:00

Beñi Agirre izango da hizlaria.

Nafarroako Erresumari buruzko kongresua egingo dute bertan, eta hernaniarrak eskainiko du irekiera ponentzia.

Nafarroako Erresumari buruzko kongresua antolatu dute, larunbat honetarako, Bearnoko Oloroe-Donamaria herrian: Nafarroa, Navarra, Navarre, Quelle Histoire! Egun osokoa izango da, 09:30etatik 12:00etara eta 14:30etatik 17:00etara; eta bertan hartuko du parte Beñi Agirre historialari hernaniarrak. Hain juxtu, berak eskainiko du irekiera ponentzia, goizeko 10:00etan: Nafarroako Erresumaren historia, sortu zenetik (Iruñeko Erresuma) XVI. mendera arte.

45 minutuko iraupena izango du bere hitzaldiak, eta euskeraz eskainiko du, frantsesera eta okzitanierara aldibereko itzulpena egingo dutelarik. Ponentzia horretan, Nafarroako Erresumaren historia bere luze-zabalean landuko du Agirrek: «Erromatarrekin sartu ziren euskaldunak historia idatzian, euskera geografikoki zabalena zen unean, Garonatik Ebroraino. Erromatar Inperioa desegin ondoren, barbaroekin, frankoekin, kalifatoarekin eta besteekin Inperioa berrantolatzeko hainbat saiakera egin ziren. Euskaldunek, orduan, erresuma subiranoa ezarri zuten, Pirinioak bizkarrezur gisa hartuta. Iruñeko eta Nafarroako Erresuma deitu zioten. Europako beste erresuma batzuekin itunak eta ezkontzak egin zituzten. Euskeraz kantatzen duen herri honek historia luze eta aberatsa du. Edozein ezagutza zientifiko bezala, historia eraikuntza bat da. Beste herrialde batzuek egiten duten bezala, geure historia aztertu, erakutsi eta baloratzea dagokigu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!