Brasilgo doinuen kontzertua eskainiko du gaur Hernaniko Musika Bandak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 17a, 00:00

Igandekoaren ondoren, iñauterietako bigarren kontzertua izango da gaurkoa.

Iñauterietako bigarren kontzertua eskainiko du Musika Bandak, arratsaldeko 19:30etan, Biterin. 

Iñauterietako bigarren kontzertua eskainiko du gaur arratsaldean, 19:30etatik aurrera, Hernaniko Musika Bandak. Igandean udaletxeko arkupeetan iñauterietako abestiekin osatutako kontzertuaren ondoren, Brasilgo doinuekin osatutako ikuskizuna izango da gaurkoa. Biteri Kultur Etxean eskainiko dute emanaldia, eta Roberto Pacheco izango da zuzendaria. 

Bandaren kontzertua da, musikari dagokionez, asteburu honetako lehenengo emanaldia, baina eskaintza zabala izango da Urumea bailaran iñauterietako asteburu guztian zehar. 

Musika emanaldiz josita iritsiko da biharko eguna Hernanira. Eguerdiko 12:00etan Jeiki Hadi taldearen erromeria izango da Plaza Berrin, eta arratsaldean iritsiko dira Atsegindegiko DJ festa eta Zuttik elektrotxarangaren irteera. Musika emanaldiez gain, ez dira faltako azeri dantza, poniak eta zezen txikiak, erraldoi eta buruhaundiak edota haurrentzako antzerkiak. 

Astigarragan ere disko ziztatzaileak eta txarangak izango dira nagusi. Eguerdiko 12:30etan abiatuko da kalejiran Kitadelpare KDP Astigarragako txaranga. Arratsaldean, aldiz, DJ Davilaren musikaz gozatzeko aukera edukiko dute astigartarrek Erriberako atarian, 18:30etatik aurrera. Etxeko txikienek ere jolasteko tartea izango dute bihar arratsaldean, Kontxa Etxeberria plazan Xauxarrek antolatutako jolas eta jardueretan. 

Igandetik aurrera iritsiko da festa giroa Goizuetara. Gaztetxoek Zahagi dantza eginen dute lehenik, eta arratsaldeko 18:30etan kontzertua eskainiko dute Garazi eta Gorka musikariek, ikastolan. Asteartean, berriz, Malkogarriyak musika taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izanen dute goizuetarrek, ikastolan bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!