Europako Zero Zabor agiridun herria da Hernani, Euskal Herriko lehena

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 17a, 00:00
Zero zaborrera bidean aurrerapausoak emateko konpromisoa hartu du Hernanik. Argazkia: Hernaniko Udala.

Zero Waste Europe-k sortutako ziurtagiria da, eta helburua da Europako herri eta hirietan zero zaborrerako trantsizioa eta ekonomia zirkularraren ezarpena azkartzea. 

Euskal Herrian Zero Zabor Ziurtagiria duen lehenengo herria da Hernani. 2022ko abenduaren 22an agiriarekin bat egiteko konpromiso ofiziala hartu zuen Hernaniko Udalak; Europako programan parte hartzeko eta kanpoko auditoria egiteko konpromisoa hartzeko interes aitorpena osorik onartuta. Orain, gehienez 5 izar lor daitezkeen eskalan, 3 izarreko akreditazioa jaso berri du herriak. 

Agiria jaso ondoren pozik agertu da Xabier Lertxundi alkatea, eta herriko norbanakoen eta eragileen lana goraipatu du: «Ziurtagiri-sistema berri honek baloratzen du Udalbatzaren, tokiko enpresen eta herritarren ahalegina, hainbeste urtetan hondakinen sorrera gutxitzeko konpromisoa hartu ondoren. Europako iparraldeko udalerrien liga berean jokatu ahal izatea benetan pozgarria da».

Hernanik 10 urte pasatxo daramatza zero zabor helburu duten ekimenak sustatzen, eta zenbait datu azaldu dituzte, ziurtagiria lortzeko aipagarriak izan direnak: «Biztanleko gainerako frakzioaren sorkuntza baxua da 62,99kg/biztanle/urteko, 2020an erregistratutakoa, Euskadin batez besteko biztanleko 251,81 kg/biztanle/urteko izan zenean». Datuen arabera, gainerako frakzioaren sorrera Euskadiko bataz bestekoa baino %75 txikiagoa da. 

Zero Waste Cities and Towns Ziurtagiria hirugarren batek ebaluatutako Europako agiri estandarra da. Zero Waste Europe erakundeak sortua, eta Mission Zero Accademy erakundeak zuzendua. Proiektuaren helburua da Europako herri eta hirietan zero zaborrerako trantsizioa eta ekonomia zirkularraren ezarpena azkartzea, tokiko mailatik hasita. Kaisa Karjalainen Mission Zero Akademiako koordinatzaileak goraipatu egin du Hernanik alor honetan egindako lana: «Hernanik zero zaborren lidergoa erakutsi du hainbat urtez emaitza ikusgarriekin. Zoragarria da zero zaborren aldeko konpromisoa berritu eta haien aurrerapena ikustea. Euskal Herrian adibide bat izateak animatuko ditu beste udalerri batzuk».

Zero Zabor Ziurtagiria bost urratsez osatzen da: agiria eskuratzeko interesa agertzea, Zero Zabor herria izateko konpromisoa hartzea, sistema hau ezartzea, ziurtapena lortzea eta urteko hobekuntzak egitea. Pausu bakoitza egiteko inguruko adituen eta entitateen aholkularitza jasotzen dute herriek. Ebaluazio horren barruan puntuazio-sistema bat garatzen da, derrigorrezko eta hautazko puntu batzuekin: «Ziurtagiriaren ondoren, udalek beren jardueraren jarraipena egin behar dute eta urtero hobekuntzak egin behar dituzte lortutako emaitzak garatzeko. 3 urtean behin auditoretza berriak egiten zaizkie Ziurtagiriaren egoera egiaztatzeko».

Hernani orain beste herri batzuekin elkarlanean arituko da urrats horiek emateko. Ziurtagiridun herriak dira El Boalo, Cerceda, Mataelpino, Torrelles de Llobregat, Bled, Gorje, Vrhnika, Log-dragome eta Capannori, besteak beste. 

Bidelagun ugari izan ditu Hernanik

Zero Waste Cities and Towns Ziurtagiria eskuratzeko bidean zenbait bidelagun izan ditu Hernanik. Horietako bat da Rezero, hondakinen prebentzioa eta kontsumo arduratsua sustatzeko lan egiten duen irabazi asmorik gabeko fundazioa. Laguntza eskaini dio Hernaniko Udalari administrazio publikoek, gizarte entitateek eta enpresek egiten duten zero zaborraren bidea nabarmentzeko. 

Rosa García Rezeroko zuzendariak balio haundia eman dio Hernanik eskuratutako ziurtagiriari: «Zero Zabor Hiri eta Herrien ziurtagiria programa erabilgarria da larrialdi klimatikoari aurre egin nahi dioten udalerrientzat, aurrera egiteko tresna bikaina delako, bai zero hondakinerako bidearen hasieran daudenentzat, bai dagoeneko esperientzia dutenentzat».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!