Iraunkortasunaren bidean «eredu» izaten jarraitzeko, konpromiso berriak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 16a, 00:00

Xabier Lertxundi eta Garbiñe Makatzaga, hitzarmena sinatzen, Txirrita eskolan. Ikasleen atzean, aldatuko duten atea.

Euronet 50/50 proiektua burutzeko lankidetza hitzarmena berritu dute Txirrita eta Urumea eskolek Hernaniko Udalarekin, azkeneko urtean landutakoa aditzera ematearekin batera.

Bere konpromisoa berritu dute Urumea eta Txirrita eskolek eta Hernaniko Udalak, beste urte batez, ingurumenaren eta iraunkortasunaren aldeko bidean eredu izan eta urratsak ematen jarraitzeko. Izan ere, Euronet 50/50 proiektua aurrera eramateko lankidetza hitzarmena sinatu zuen atzo Udalak, bi eskolekin. Xabier Lertxundi alkatea, Garbiñe Makatzaga Txirritako zuzendaria eta Amaia Mariezkurrena Urumeako zuzendaria izan ziren denen borondatea paperean islatu zutenak.

Horretarako, ohi bezala, bisita egin zuten udal ordezkariek bi ikastetxeetara: alkatea bera, Oier Agirresarobe hezkuntza zinegotzia eta Tamara Zapiain ingurumen eta iraunkortasun teknikaria. Bertan izan zen Eli Gondat ere, bi eskoletan proiektua bideratzen duen Artelatz enpresako ordezkaria.

Urumeara egin zuten bisita aurrena, eta energia taldea osatzen duten ikasleek egin zieten harrera, ikaskide guztien ordezkari. Erakutsi zizkieten eskolan zehar prestatu dituzten guneak, proiektuarekin lotuta: Ostadar Txokoa, ingurumenarekin lotutako albisteak dauzkana; energia aurrezteko gomendioak; hartutako konpromisoen panela... Eta ondoren, azkeneko urtean landutako ekimenen berri eman zieten, aurkezpen bertso eta guzti. Besteak beste, Ibilbide energetikoa deitu dutena jarri dute martxan, eta hainbat datu bildu dituzte: gela bakoitzaren argitasuna eta berotasuna neurtu dute, luxometroaren eta ipar-orratzaren bitartez; eta karbono dioxidoa eta argiaren kontsumoa ere neurtu dute. Lortutako datuetatik abiatuta, konpromiso batzuk hartu dituzte: gelatik ateratzean argiak itzali, urtaroaren eta eguraldiaren arabera jantzi, berogailuaren gainean ezer ez jarri aire zirkulazioa ez oztopatzeko, edota goizean pertsianak igo ahalik eta argi natural gehien sartzeko. Gainera, ekintza plana prestatu dute, Artelatzekin batera; eta ohitura energetikoen semaforoa sortu, ikusteko zein neurritan ari diren betetzen hartutako konpromisoak.

 

Urumea ikastetxeko energia taldea, udal ordezkariei landutakoa azaltzen.
 

Aurreztutako diruaren erdia, Txirritako ate bat aldatzeko

Ekimen horiek landu dituzte Txirrita eskolan ere, eta hala eman zieten aditzera adin guztietako ikasleek, udal ordezkariei eskolan barrena ibilbidea osatuta. Ereñotzuko eskolak badauka zer ospatua, gainera: azkeneko urtean dirua aurreztea lortu dute, uraren eta gasaren kontratuak bateratuta. Hori horrela, eta Euronet 50/50 proiektuak zehazten duen bezala, eskolak erabaki du zertan erabili aurreztutako diruaren erdia: patiora ematen duen ateetako bat aldatuko dute laster, beroak ihes egiten duelako bertatik. Ikasleek gogotsu azaldu zuten landutakoa, eta bere borondatea adierazi zuten, zehaztutako ekintza planaren puntu gehienak betetzeko, eta ohitura energetikoen semaforoak ahalik eta kolore berde gehien izateko.

Udal ordezkariek eskerrak eman zizkieten bi eskoletako ikasleei, egiten ari diren lanagatik: «Eredu izaten ari zarete, eta hori zoriontzekoa da. Askotan helduek erakusten dizuete haurrei, baina kasu honetan kontrakoa gertatzen da; zuek izango zarete, gurasoei aholkuak emango dizkiezuenak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!