«Noski ez dela sagardoa; urte osoan daukagu eta ez da hau gertatzen»

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 16a, 00:00

Elkarrekin Podemosek kritikatu du Udalak bere erantzukizunari «ihes egin» diola, 'Ez da sagardoa, zu zara' kanpainaren bideoarekin.

Kritiko azaldu da Elkarrekin Po­demos-Orain Hernani udal taldea, aurreko asteartean Hernaniko Udalak aurkeztu zuen bideoarekin, Ez da sagardoa, zu zara izeneko sentsibilizazio kanpainaren barruan.

Elkarrekin Podemosek go­gorarazi du, «urteak» direla Hernaniko txotx mahaian parte hartzen dutela; «Kaxko elkarteko eta Berriak elkarteko ordezkariek, udal teknikariek, udaltzainek, Euskal Sagardoaren ordezkariek, Hernaniko sagardogileek eta talde politikoek osatutako mahaian», hain juxtu. Eta adierazi dute, aurten Udal Gobernu Taldeak bideo hori aurkeztu diola Txotx Mahaiari; «bideo bat, zeinetan Txotx Mahaiak ez duen parte hartu», Elkarrekin Podemosek aditzera eman duenez.

Bideoaren edukia aztertu du alderdiak: «Bideoan bi pertsona mota ikusten ditugu, jazarleak eta jazarriak. Azken horien artean, hainbat erreakzio desberdin daude. Protesta egiten saiatzen dena, kanpoaldera laguntza bila bezala begiratu baina laguntzarik aurkitzen ez duena... Udaltzaingoaren zain dagoenak jai du». Horregatik, Elkarrekin Podemosek dio Udalak «gaiari ihes» egin nahi izan diola, «elkarbizitzarako ordenantza betearazteko erantzukizuna bere gain hartu beharrean»; eta sektore «oso zehatz bati» leporatu diola erantzukizuna: «gizonezko gazte zuri erdaldunei».

 

«Ez dugu ulertzen kalean pixa egiten ari denak betetzea 'heroiaren' papera»

Bideoaren edukiarekin jarraituz, udal taldeak nabarmendu du lagun taldeei ere badagokiela «beraien jarrera matxistak eta arrazistak kontrolatzea»; baina ez duela ulertzen «kalean pixa egiten ari den pertsona izatea heroiaren papera betetzen duena. Horrelako zenbat heroi behar dira, Kaxkoan bizi diren pertsonek lo egin ahal izateko?».

Eta kanpainaren leloari ere egin dio erreferentzia, bideoaren bukaeran agertzen dena. «Ez da sagardoa esaten du. Noski ez dela sagardoa. Herri honetan zorionez, eta harro gaude horretaz, urtean 365 egunez daukagu sagardoa, eta ez da hau gertatzen. Turismo mota hau baimendu eta bultzatzen denean bakarrik gertatzen da, mozkorraldia eta desenfrenoa. Turismo oso garestia da hernaniarrentzat, gainera: 20.000 euro komunetan, 8.000 euro bideoan, karteletan, garbiketa eta udaltzain errefortzuak, bandalismo ekintzen ondorioz hiri-altzariak ordezkatzea... Hartu zuk ere zure ardura, Udala!», adierazi du udal taldeak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!