Udaltzaingoaren bi agente lanpostu betetzeko, lehiaketa

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 14a, 00:00

Barne sustapenez eta lehiaketa sistemaren bitartez beteko dituzte. Parte hartzeko eskaera egin behar da HHZn edo erregistro elektronikoan.

Joan den ostiralean argitaratu zituen Hernaniko Udalak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Hernaniko Udaltzaingoko agente lehenen bi plaza barne sustapenez eta lehiaketa sistemaren bidez betetzeko oinarriak.

Hori horrela, prozesuan parte hartu nahi dutenek, 20 egun balioduneko epea daukate, atzotik hasita, eskaera aurkezteko. Udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan edota hernani.eus webguneko erregistro elektronikoan aurkeztu behar dira eskaerak, eta horretarako eskabideak eskuragarri daude HHZn bertan zein hernani.eus atarian. Eskabide orria betetzeaz gain, adierazi beharko dira lehiaketan baloratuko diren merezimenduei dagozkien datuak; administrazio pu­blikoren bateko esperientzia, ziurtagirien bitartez; eta prestakuntza ikastaroen frogagiriak, ikastaroen iraupena zehaztuz. Ho­rrekin batera, aurkeztu behar dira NANaren fotokopia edo bali­okidea (Europar Batasuneko bes­te estatuetakoen kasuan); eskatutako titulazioaren fotokopia; gidabaimenaren fotokopia; armak eramateko eta, hala badagokio, erabiltzeko konpromisoa jasotzen duen adierazpena; eta eskatutako derrigorrezko hiz­kun­tza eskakizunaren egiaztagiria.

Bete beharreko baldintzak

Hautaketa prozesuan parte hartu nahi dutenek, hainbat baldintza bete beharko dituzte: Europa Batasuneko estatu batekoa izatea, edo horietakoa den norbaiten ezkontidea; 18 urte beteta izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko adin maximoa pasa gabea; Batxilergoa edo tekniko tituluren bat izatea; B+E gidabaimenak izatea; eta euskerako hirugarren hizkuntza eskakizunaren jabe izatea, besteak beste.

Lanaldi osoko lanpostuak dira biak, 27.981,7 eurokoa izango da berariazko osagarria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!