Haurren ahoko osasunari buruz, Maitane Nayaren hitzaldia etzi

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 14a, 00:00

Maitane Naya Rezabal odontopediatra. Argazkia: Urumea Hortz Klinika

Haziak Elkarteak antolatuta, Biterin ariko da odontopediatra, 17:30etan hasita.

Hitzaldi irekia antolatu du Haziak Elkarteak ostegun honetarako, Biteri kultur etxean, arratsaldeko 17:30etan hasita. Oraingoan, haurren ahoko osasuna jarriko dute erdigunean, eta Maitane Naya Rezabal odontopediatra izango da hizlari. Nire haurraren hortzak izenburupean, «txantxarrik gabeko haurtzaroak» sortzeko bidea urratu nahi dute saioan, argibideak emanez. 

«Haurtzarotik aho-hortzen zaintza egiteari buruzko hitzaldi informatiboa izango da», aurreratu du Haziak Elkarteak. «Guraso ugarik egiten dizkiguten galderei erantzuten saiatuko da Maitane: Haurtxoek txantxarra izan dezakete? Noiz hasi behar da haurren hortzetako higienearekin? Noiz eraman beharko nuke nire haurra odontopediatrarengana?». Beste hainbat gai ere jorratuko ditu Maitane Nayak: azukrea, «etsai ezkutua»; edoskitzea eta aho osasuna; biberoiak eta txupeteak gomendagarriak ote diren...

Haziak Elkarteak nabarmendu duenez, «herritar guztiei» dago zuzenduta hitzaldia, baina bereziki «haur txikiak dituzten familiei». Gainera, gogorarazi dute hitzaldira «haurtxoarekin» joan nahi duenak badaukala horretarako aukera: «Beti dira ongietorriak, antolatzen ditugun jardueretan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!