Euskal Selekzioarekin Los Angelesen bihartik, Irazustabarrena eta Arrieta

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 14a, 00:00

Bi partidu jokatu zituen Amaia Irazustabarrenak, joan den astean.

Astebeteko egonaldia egingo dute Estatu Batuetan, joan den urtean Euskal Herriko eliteko finalista izanda.

Aste berezia izango da hau, Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta palista hernaniarrentzat. Izan ere, Estatu Batuetara joango dira bihar, Los Angelesera: astebeteko egonaldia egingo dute bertan, Euskal Selekzioak deituta. Izan ere, horretarako aukera daukate joan den urtean Euskal Herriko Txapelketan elite mailan finalista izan zirenek: palako lau emakumeek, eta eskuzko lau gizonezkoek.

Bertara abiatu baino lehen, lanak eginda utzi ditu Irazustabarrenak, aurtengo txapelketan. Izan ere, bi partidu jokatu zituen aurreko astean. Asteazkenean 30-17 irabazi zuen Maider Mendizabalekin batera, Irati Ruiz de Azuaren eta Uxue Murilloren kontra, partidu ikusgarria jokatuta. Larunbatean, ordea, 29-30 galdu zuen Ruiz de Azuarekin, Leire Galdosen eta Murilloren kontra.

Garaipen garrantzitsua lortu du Hernani A taldeak ere, Euskal Herriko bigarren mailakoan, Mendi-Tenisen kontra (15-30).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!