Euskal Ligako neskek garaipen ederra, Galdakao taldearen aurka

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 14a, 00:00

22 punturekin doaz Hernaniko neskak, sailkapen orokorrean.

Mutilek, aldiz, 3-0ko porrota jaso zuen etxetik kanpo, Galdakaoren aurka.

Larunbatean, Euskal Ligako bi taldeek, Galdakao izan zuten aurkari eta emaitza gazi-gozoak lortu zituzten. Batetik, mutilek Galdakaon izan zuten partidua, eta Hernanik porrota jaso zuen (3-0). Lehen postuan doa talde bizkaitarra, eta liga irabazteko aukera haundiak ditu. Hernaniko mutilek lanean jarraitu beharko dute, 2023an oraindik ez baitute garaipenik ezagutu. 

Bestalde, neskek txanponaren beste aldea ezagutu zuten. Izan ere, Galdakaoren bisita jaso zuten igandean, eta talde bizkaitarra hirugarren postuan egon arren, Hernaniko neskek garaipena lortu zuten (3-1). Aurreneko jokoa hasieratik kontrolatu zuen Hernanik (25-15); ondoren, bigarren jokoan bisitariek berdinketa lortu zuten, 24-26 amaituz; hirugarren jokoan, berriro hernaniarrak nagusitu ziren (25-15); eta laugarren jokoan ere neska hernaniarrak gailendu ziren (25-20), eta 3-1 amaitu zen partidua, Hernanik garaipena lortuta. Une honetan, Hernaniko neskak laugarren postuan doaz 22 punturekin; aurretik Galdakao doa, puntu bakarreko aldearekin.

 

Gipuzkoako Ligan, emaitza desberdinak

Gipuzkoako ligan ere jokatu dira beste partidu batzuk, eta emaitza desberdinak jaso dituzte: infantil nesken mailan, Hernani 1 taldeak 3-0 galdu zuen Arantzazuko Amaren etxea taldearen aurka; Hernani 2 taldeak 0-3ko garaipena lortu zuen Aretxabaletan. Infantil mutilek elkarren aurka jokatu zuten Hernani 1 eta Hernani 2 taldeek, eta Hernani 2 nagusitu zen 0-3ko garaipenarekin. Hala ere, bi taldeek sekulako maila erakutsi zuten. Kadete nesketan, Hernani 2 taldeak jokatu zuen, Tolobolei taldearen aurka, eta emaitza ezin hobea lortu zuen liderra garaituta: 0-3. Kadete mutilek, Zarauzko Salbatoren Mitxelena taldearen aurka neurtu zituzten indarrak, etxean eta 3-0 irabazi zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!