Ansa II.ak abisu serioa, Barrenetxeari finalari begira

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 14a, 00:00

Urnietakoak 24-30 irabazi dio hernaniarrari ligaxkako azkenengo partiduan eta larunbatean berriz jokatuko dute elkarren aurkako finalean.

Ansa II.ak 24-30 gainditu zuen Barrenetxea IV.a banakako Kutxabank Masterseko ligaxkako hirugarren partiduan. Praktikan, partiduak ez zuen aparteko baliorik, bi erremontistak datorren larunbatean, otsailaren 18an, Galarretan jokatuko duten finalerako sailkatuta baitzeuden.

Hori bai, pelotarien moralerako eta aurreko lehia psikologiko horretan Ansa indartuta atera da. Badaki Hernaniko erremontista mendean har dezakeela eta horrek lagundu dezake bere jokoan. Hala ere, finalak beste baldintza batzuk izaten ditu, presioa, esaterako. Indar haundia hartzen du presio hori jasten jakiteak eta hortan saiatu beharko dute erremontistek.

Larunbateko partidua berdindua izan zen eta peloteoan hobeto ibili zen urnietarra. Huts gutxi izan ziren, baina Barrenetxeak ez zuen asmatu ezker pareta ukitzen eta Ansak bai. Sakearekin ere hernaniarraren zenbakiak berdindu zituen zazpi tanto eta falta batekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!