Ikastetxeetan izena emateko epea, zabalik

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 13a, 00:00

Otsailaren 24ra arte iraungo du aurrematrikulazioak, Hernani, Ereñotzu eta Astigarragako eskoletan.

Gaur ireki da Hernaniko eta Astigarragako ikastetxeetan aurrematrikulatzeko epea. Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen aurrematrikulazioa egiteko 11 egun izango dira, otsailaren 24an itxiko baita epea. 

Bost aukera daude Hernanin, Elizatxo, Urumea, Langile, Aratz, eta BHI institutua; bat Astigarragan, Astigarragako Herri Eskola; eta bat Ereñotzun, Txirrita ikastola. Goizuetarrek eta aranoarrek aurrerago izango dute Xalto eskolan aurrematrikulatzeko aukera, Nafarroako Gobernuak ez baitu egutegi ofiziala argitaratu.  

Aurrematrikulazioa presentzialki nahiz internet bidez egiteko aukera dago. Zentroan bertan egin nahi dutenek ikastetxearekin kontaktatu beharko dute hitzordua eskatzeko. 

Informazio guztia eskuragarri dago Hezkuntza Saileko webgunean: https://www.euskadi.eus/ onarpena-haur-lehen-eta-derrigorrezko-bigarren-hezkuntza/ web01-a2hikast/eu. Nahi duenak bertan aurkitu ditzake jarraitu beharreko pauso guztiak, eta aurkeztu behar dituen dokumentazioari buruzko xehetasunak. 

Ikastetxeak ezagutzeko, ate irekiak, bailaran 

Ikasturte berrirako zein ikastetxe aukeratu zalantzak dituztenek, edota ikastetxea ezagutzeko interesa dutenek aukera izango dute Urumea bailarako zentroek antolatu dituzten ate irekietara joateko. Urumea ikastolan gaur eta bihar egingo dituzte ate irekiak, eta aurrez deitu behar da joan ahal izateko. Langile Ikastolak, aldiz, asteazkenean eta ostegunean egingo ditu ate irekiak. Modu honetan metodologiaren eta ikastetxearen gaineko informazioa jasoko dute bertaratzen direnek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!