Gogotsu itzuli ziren Inudeak eta Artzainak Gudarien plazara

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 13a, 00:00

Gudarien plazan egin zuten ekitaldia eta antzerkia.

Ederki pasa zuten Urumea Ikastolako haurrek, eta giro ederrean aritu ziren Inudeak eta Artzainak.

Gogo eta ilusio haundiz itzuli ziren Inudeak eta Artzainak Hernaniko kaleetara. Bi urteko geldialdiaren ondoren, ekitaldi ederra osatu zuten Urumea Ikastolako haur guztiek, eguraldia alde zutela. Irribarretsu ibili ziren 48 dantzariak, 40 danbor-joleak, eta kontu kontari iritsi ziren globeroak, piruleteroak, barkileroak, umezainak, alkatea, udal-idazkaria, sendagilea, erizainak eta argazkilaria. 

Kaxkoko kaleetatik bueltaka ibili ondoren, Gudarien plazan egin zuten ekitaldi nagusia eta antzerkia. Urteroko legez, inudeek euren haurrei txertoak eman eta udaletxeko agintariei aurkeztu zizkieten, haien izenak erregistroan idatzita gera zitezen. Plazan dantzatu zuten azken arin-arina, eta eskolara itzuli ziren. 

Ederra izan zen Hernaniko Musika Bandaren kontzertua

Ederki bete zituen Hernaniko Musika Bandak atzo eguerdiko betebeharrak. Harrera beroa egin zien Inude eta Artzainen konpartsari, eta inauteri aurreko kontzertua eskaini zuten ondoren, udaletxeko arkupeetan. Giro ederrean jo zituzten prestatutako hamabi piezak, Roberto Pacheco musikariaren zuzendaritzapean.

Erlazionatuak

Inude eta Artzainak 2023

Kronika - Erredakzioa 2023 ots 12 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!