Jende ugari bildu zen atzo Hernaniko hilerrian, 'Izan zirelako' gunearen inaugurazio ekitaldian

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 13a, 00:00

Jende ugari bertaratu zen inaugurazio ekitaldira.

Erabilgarri dago jada heriotza perinatalari eskainitako 'Izan zirelako' gunea. Atzo egin zuten inaugurazio ekitaldi jendetsua.

Atzo eguerdian inauguratu zuten heriotza perinatalari eskainitako 'Izan zirelako' gunea, Hernaniko hilerrian. Biolontxelo batek girotu zuen momentua, eta jende ugari bertaratu zen ekitaldira; tartean proiektuaren sorkuntzan parte hartu duten Esti Zeberio, Dani Llopis, Sahatsa Jauregi eta Saioa Zuaznabar. 

Xabier Lertxundi izan zen hitz egiten lehenengoa, eta proiektuaren garrantzia nabarmendu nahi izan zuen: «Xumea ematen duen proiektu bat izan bada ere, pertsonalki asko bete gaituen proiektua da, eta Hernaniko jendarteari asko emango dio». 

Esti Zeberiok proposatu zuen 2021ean gune hau sortzea, eta 'Izan zirelako' txokoak beteko dituen helburuak aipatu zituen: «Ospitaletik seme alaben gorpurik gabe irteten garen gurasook leku bat izango dugu, eta heriotza perinatala gizarteratzen eta ikusarazten lagunduko du». Eskerrak eman nahi izan zizkien Zeberiok bidelagun izan dituen pertsona eta erakundeei. 

Esku Hutsik dolu gestazional, perinatal eta neonatal elkartearen izenean hitz egin zuen Saioa Zuaznabarrek, eta aurrerapausoak ematen jarraitzeko eskaera egin zuen: «Eskatzen dugu familia askok pairatzen duten egoera honi erantzutea, gizartean isilarazia eta ikusezina den dolu hau bistaratzen laguntzea». 

Lehenengo eremua da Gipuzkoan, eta bigarrena Euskal Herrian

'Izan zirelako' heriotza perinatalari eskainitako lehenengo gunea da Gipuzkoan, eta bigarrena Euskal Herrian, Deriokoarekin batera. Horregatik, Hernaniko hilerrian dagoen arren, halako egoerak bizi dituzten pertsona guztiek erabili ahal izango dute eremua, nahi duten modura aktibatuz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!