'Ez da sagardoa, zu zara' kanpaina ez da nahikoa alderdi sozialistarentzat

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 12a, 00:00

'Ez da sagardoa, zu zara' kanpainaren aurkezpeneko argazkia.

Ricardo Crespok, Hernaniko PSE-EEko bozeramaileak, «sumingarritzat» jo du kanpaina. 

Asteartean aurkeztu zuen Hernaniko Udalak 'Ez da sagardoa, zu zara' txotx denboraldiko jarrera matxista, arrazista eta errespetu faltak gaitzesteko sentsibilizazio kanpaina. Horren aurrean kritiko agertu da Hernaniko PSE-EE, eta «sumingarritzat» jo ditu kanpaina eta EH Bilduren jarrera. Ricardo Crespok, sozialisten bozeramaileak, adierazi du kanpaina hau egiteko ez dutela parte hartzeko aukerarik izan: «Erabat eginda aurkitu dugu, eta, beraz, ezin izan dugu fokua jarri detektatutako akatsetan». 

Sozialisten ustetan «harrigarria» da argitaratutako iragarkian «kritikatuak eta kontrolatuak izan beharrean, ontzat ematen dituzten eszenak agertzea»: «Bide publikoan pixa egitea, kalean kristalezko edalontzi batean edatea, edota bizilagunei enbarazu eginez oihuka eta kantuan joatea». Crespok gehitu du «zuzena» iruditzen zaiela jarrera matxisten eta arrazisten inguruan sentsibilizatu nahi izatea, baina «sumingarria» egiten zaiela «gainerako herritarrekiko gizalegearen kontrako eta errespeturik gabeko jarrerak ahaztea».

Hizkuntzen erabilerarekin ere zalantzati agertu da PSE-EE: «Portaera lagunei leporatzen dienak gazteleraz hitz egiten du, eta horrek aditzera ematen digu jokabide horiek kanpokoak direla, eta ez bertako herritarrenak». Era berean, kartel guztiak euskeraz jartzea ere ez zaie ongi iruditu sozialistei, iristen diren bisitari asko kanpokoak direlako: «Errioxakoak, Kantabriakoak, Frantziakoak eta abar dira, eta ez dute kanpaina euskara hutsean ulertuko».

Eskaerak eta galderak Udalari

Crespok zenbait eskaera egin nahi izan dizkio Udalari: «Udalak Hernaniko gizabidezko ordenantzak betearazi beharko lituzke, eta salatu nahi dituzten jarrera horiek erakusten eta bisitatzen gaituztenen gaineko kontrol handiagoa erakutsi».

Azkenik, galdera batzuekin amaitu ditu adierazpenak: «EH Bilduko gobernuak ez al du egingo azken urteotan egiten ari dena eta nahikoa ez dela frogatu dena baino? Herritarrek bakarrik kontrolatu behar ditugu gure jarrerak? Hori al da EH Bilduri bizikidetza arazoei aurre egiteko bururatzen zaion guztia?».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!