Bi urteko geldialdiaren ondoren, gaur itzuliko da Inude eta Artzainen konpartsa

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 12a, 00:00

Gay Mur eraikinetik abiatuko dira, eta plazan egingo dute ekitaldi nagusia.

Inauterietako programazioari hasiera ematera irtengo dira Urumea Ikastolako ikasleak. Ohi bezala, Gudarien plazan egingo dute ekitaldia.

Bueltan dira Inudeak eta Artzainak. Bi urteko geldialdiaren ondoren, gaur aterako da Urumea Ikastolako konpartsa, Inauterietako programazioari hasiera ematera. Ibilbidea Gay Mur eraikinetik hasiko dute, goizeko 11:45etan, eta herriko kaleak zeharkatuko dituzte, Gudarien plazara iritsi arte. 

Bertan egingo dute ekitaldi nagusia, antzezlanarekin: «Inudeek daramatzaten haurrei txertoak eman ondoren, udaletxeko agintariei aurkeztuko dizkiete beraien izenak erregistroan idatzita gera daitezen». Antzerkia bukatuta, azken arin-arina dantzatuko dute plazan, eta Urumea Ikastolara itzuliko dira. 

Guztira 160 umek osatuko dute gaurko konpartsa, eta horietatik 48 izango dira dantzariak. Haien aurretik garai bateko zenbait pertsonaia eta langile ikusi ahal izango dira, dantzariei bidea irekitzen joango direnak: globeroak, piruleteroak, barkileroak, umezainak, alkatea, udal-idazkaria, sendagileak, argazkilaria eta erizainak. Dantzari eta antzerkilari guztiekin batera, 40 ikasle inguru aterako dira danbor-jole lanetan. 

Musikariek ere izango dute tartea aurtengo kalejiran. Txaranga izango da konpartsaren laguntzailea ibilbidean zehar, eta Hernaniko Musika Bandak hartuko du lekukoa ekitaldi nagusian. Azken urteetan bezala, Urumea Ikastolako ereserkia jotzen egingo diote harrera Inude eta Artzainen konpartsari. 

Hernaniko Musika Bandaren kontzertua, 12:30etan

Urumeako ikasleei harrera egiteaz gain, inauterietako kontzertua eskainiko du Hernaniko Musika Bandak, Roberto Pachecoren zuzendaritzapean.  

Lehenengo Inude eta Artzainen harrera izango da, eta medikuaren eszenan ere parte hartuko dute. Ondoren, 12:30etatik aurrera, Tolosako inauterietako musika herrikoiaz osatutako kontzertua eskainiko dute. Hamabi abestiz osatutako ikuskizuna izango da, eta Galtzaundi eta Pastelero bezalako abesti ezagunak entzun ahal izango dira, udaletxeko arkupeetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!