Iñude eta artzaiak, bihar Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 11a, 00:00

11:45etan irtengo dira Gay Murretik Urumeako ikasleak eta 12:30etan ekitaldi nagusia izango da Musika Bandarekin.

Aurten bai, bueltan dira ilusio osoz Urumea ikastolako ikasleak Iñude eta artzaiak konpartsarekin. Bihar aterako dira Hernaniko kaleetan zehar, Covid-a dela eta, bi urte atera gabe egon eta gero. 2020 urtean egin zuen azken emanaldia.

Konpartsa, bihar, 11:45etan aterako da. Kaxkoko zenbait kale igaro ondoren, Gudarien Enparantzan ekitaldi nagusia antzeztuko dute. Bertan iñudeak daramatzaten haurrei txertoak eman ondoren, udaletxeko agintariei aurkeztuko dizkiete beraien izenak erregistroan idatzita gera daitezen. Azken arin-arina dantzatu ondoren, konpartsa ikastolara itzuliko da.

Azken urteetan bezala, Hernaniko Musika Bandaren laguntza izango dute Gudarien Plazan egiten den ekitaldi nagusian eta ikastolako ereserkia joaz egingo diote harrera Konpartsari. 12:30etan izango da eta Musika Bandak iñauterietako kontzertua eskainiko du udaletxeko arkupeetan. Roberto Pacheco izango da zuzendari. Tolosako iñauterien abestiaz jositako programa aurkeztuko dute.

 

160 bat ikasle, horietatik 48 dantzariak

Konpartsa 160 bat umez osatuta dago, horietatik 48 dantzariak direlarik. Hauen aurretik garai bateko zenbait pertsonai ikus ahal izango dira: globeroak, piruleteroak, barkileroak, umezainak, alkatea, udal-idazkaria, sendagileak, erizainak, argazkilaria…

Dantzari eta pertsonaiekin batera, txarangako musikariak eta 40 bat ikasle danbor joleak arituko dira. Eguraldi txarra egingo balu, ekitaldia Atsegindegin egingo da.

Konpartsaren ibilbidea Kaxkoa eta erdigunean zehar izango da Gay Murretik atera eta berriz ikastolara bueltatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!